Hendaiako Danborradak jasoko du Hondarribia, Berdintasunaren Hiria saria
Jaizkibel konpainiak jakinarazi duenez, herritarren arteko berdintasuna bermatu izanagatik aitortza egitea erabaki du epaimahaiak.
Jaizkibel konpainiak ematen duen Hondarribia, Berdintasunaren Hiria saria Hendaiako Danborradari ematea erabaki du epaimahaiak. Hala jakinarazi du gaur goizean konpainia parekideak komunikabideetara igorritako oharrean: «Parekidea izan da hasieratik; herritarren arteko berdintasuna bermatu du; eta, edozein bazterkeriaren aurrean, debekuak jarri dituelako».
Behe Bidasoa eskualdean geratuko da, beraz, aurtengo saria. Prozesu irekia da hautagaiak proposatzea, baina dirudienez, aurten herritar batek baino gehiagok egin zuen Hendaiako danborradaren aldeko proposamena. «Zoragarria» iritzi dio Oihana Etxebarrietak, Jaizkibel konpainiako kapitainak, beste herri edo eskualdetara jo beharrean bestelako proposamenak jaso izana, eta ingurukoari balioa ematea.
Hortaz, «gertu-gertu daukagun festa parekide zabala» delako hartu du erabakia epaimahaiak. «Eredua» da haren ustez Irunekin eta Hondarribiarekin alderatuta, eta instituzionalki udalak eta antolatzaileek ere babestua izan dela nabarmendu du konpainiako arduradunak neurriak hartu baitituzte diskriminaziorik egon ez dadin: «Argi utzi dute festak inklusiboa izan behar duela bere luze-zabal horretan, herritar guztiak parte hartzeko modua eskainiko duena».
Udalarekin bilera
Jaizkibelek Hondarribiko Udalarekin bilera galdegin zuen maiatza erdialdean, eta izurriarekin lotutako arrazoiak medio, lehentasunak beste batzuk zirela erantzun zuen Hondarribiko udal gobernuak. Hala ere, bilera aurrerago egiteko baiezkoa helarazi zion konpainia parekideari. «Abuztuan sartzen ari gara dagoeneko, eta hilabetetxo bat besterik ez zaigu falta ez-festak antolatzeko, edo neurriak denon artean hartzeko», bukatu du Etxebarrietak.