[Erreportajea] Munduko hari doinuak oholtza gainetik
Hari doinuek Hondarribia beteko dute gaurtik, XVIII. Nazioarteko Gitarra Jaialdiari esker. Nazioarteko zein bertako gitarrista ospetsuen parte hartzearekin, hitzordu ekidinezina izango da gitarraren maitaleentzat.
Agertokia, publikoa eta gitarrista. Formula sinplea zuzeneko musikarekin gozatzeko gaurtik aurrera eta astelehenera bitartean Hondarribia-Peniscola Nazioarteko XVIII. Gitarra Jaialdiarekin. Hiru lokalizaziok eta hainbat emanaldik osatuko dute Peniscolarekin (Castello, Herrialde Katalanak) ahaidetutako 2020. urteko gitarra festibala.
Carles Pons i Altes da Hondarribiko eta Peniscolako jaialdietako zuzendari artistikoa, baita Palentziako (Espainia) Diapason Nazioarteko Gitarra Jaialdiarena ere. Gitarra du ogibide eta afizio, eta hainbat lehiaketetako epaimahaiko kide gisa ere aritu da. Ospe handiko gitarrista da Pons, hamaika herrialdetako oholtzetan kontzertuak eskainitako profesionala, haren gitarrarekin erdietsitako doinuak beti lau haizetara zabalduz.
Gaur, berriz, Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean ariko da katalana jaialdiaren irekiera ekitaldian. Egun hauetan zehar musika klasikoa nagusituko den arren, «errepertorioak askotarikoak» direla zehaztu du zuzendariak. «Bestelako musika estiloetan sartu-irtenak egiten ditugu», azaldu du, «eta aurten, esaterako, mandolina eta gitarraren arteko bikotea daukagu, gitarra klasikoaren doinu ezagunak, Brasilgo doinuen egokitzapena, edota Errenazimentuan eta barrokoan oinarritutako antzinako musika».
Kalitatea, nagusi
Nazioarteko XVIII. Gitarra Jaialdiak kalitate handiko kontzertuak eskainiko ditu gaurtik hasita. Ponsek irekiko du gaur festibala, eta bihar, Joaquin Palomares eta Javier Llanes bikotearen biolinaren eta gitarraren arteko doinu sorta entzungai izango da. Nazioartean Espainiako biolinista ezagunetarikoa da Palomares. Llanes bere aldetik, hainbat aldiz saritua izateaz gain, gitarra irakasle katedra betetzen du Murtziako (Espainia) Goi Mailako Musika Kontserbatorioan.
Kontzertu bikoitza eskainiko du jaialdiak etzi, igandearekin. Lehena, goizean, Oiasso museoan, eta bestea arratsaldean Itsas Etxean. Unai Insausti gitarrista bakarlariak eta Nafarroan irakasleak erromatarren testuinguruko aretoa hari doinuz beteko du. Iluntzean, bestalde, Philippe Vila eta Anastasia Maximkinak osatutako Cantiga Guitar Duoren txanda izango da. Azken horiek ere nazioarteko hainbat sari jaso dituzte euren ibilbidean zehar.
Azkenik, Enrike Solinis Bilboko gitarrista ariko da oholtza gainean jaialdia ixteko arduradun gisa. Antzinako musikaren maitale, entzuleak beste aro batera eramateko gaitasuna du. «Gustu guztiei bideratutako emanaldiak izango dira, eta era horretan, norberak maite duen musika entzunez zoriontasun une hori aurkitzea espero dugu», adierazi du festibalaren zuzendari artistikoak.
Agertokiei dagokienez, aldaketa ere izan dela jakinarazi du Ponsek. Izan ere, Kultur Etxean ezinezkoa zen osasun neurri guztiak bermatzea, eta hori dela eta erabaki dute Itsas Etxea auditoriumera lekualdatzea jaialdia. Gainontzeko bi lokalizazioak «ohikoak» direla zehaztu du musikariak. Are gehiago, Turismo Paradorea «marko ederra» dela tankera honetako kontzertu bat emateko iritzi dio.
Agertokietan, berriz ere
Apirila bukaera eta maiatza hasiera artean egitekoa zen gitarra jaialdia. Zuzendari artistikoak onartu du kultur eragileen egoera «oso konplikatua» dela, «nahiz eta egoera ikusita ezin naizen kexatu». Zentzu horretan, kultur emanaldietan ez dela agerraldirik izan gogoratu du Ponsek: «Benetako kulturari buruz ari naiz, zeren gaueko aisiari kultura esaten badiogu, akabo». Hori dela eta, entzuleak parte hartzera animatu ditu, eta publiko motari eta hartutako neurriei esker leku «seguruak» izango direla gehitu du. «Benetako kulturak ez du arriskurik suposatzen»
Egitaraua
- Gaur. Irekiera ekitaldia Carles Pons i Altesen emanaldiarekin Itsas Etxea auditoriumean, 20:00etan.
- Bihar. Joaquin Palomares eta Javier Llanesen kontzertua Itsas Etxea auditoriumean, 20:00etan.
- Etzi. Unai Insausti Egia Irungo Oiasso museoan ariko da, 12:00etan. Cantiga Guitar Duo taldeak bestalde, Turismo Paradorean joko du, 20:00etan.
- Astelehena. Enrike Solinisek itxiko du jaialdia Itsas Etxea auditoriumean, 20:00etan.