«Salbuespenezko» espetxe politikarekin bukatzeko eskatuko dute etzi
Euskal Herri osoko hondartzetan mobilizatzera deitu du Etxerat elkarteak. Hondarribian 12:00etan elkartzera deitu dute, hondartzaren atzealdeko aparkalekuan.
«Salbuespenezko» espetxe politika «berehala» amaitzeko exijituko du Etxerat euskal presoen aldeko elkarteak Euskal Herri osoko hondartzetan etzi, igandearekin. Hondarribian ere mobilizatzera deitu du elkarteak, eta eguerdiko 12:00etan hondartzaren atzealdeko aparkalekuan elkartzera deitu du. Handik espigoira abiatuko dira protestan parte hartzen duten lagunek, Hendaiako espigoian daudenekin une batez bat egiteko asmoz.
Euskal presoen senideei eta lagunei eragindako «sufrimendua» eta «zigorra» eteteko unea dela aldarrikatu nahi du berriz ere Etxerat-ek. Areago, euren senideak «bizirik eta etxean» nahi dituztela nabarmendu dute, eta aurtengo protesta eguna «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela erantsi: «Urte korapilatsua izan da. Ziurgabetasuna eta beldurra izan dira nagusi osasun krisiak espetxeetan izan duen eraginagatik». Larrialdi egoera ezarri zenetik «ezjakintasun, segurtasun eza eta kezka egoera jasanezina» dela erantsi dute.
Segurtasun neurriak betetzea ezinbestekoa dela gogorarazi dute Etxerat-eko kideek.