[Erreportajea] Berrogei urtez sormena bizimodu
Bizitza eta kolorea eman die Menina tailerrak berrogei urtez bertan sortutako txotxongilo, panpina edota buruhandiei; hala lortu dute Idoia Seijok eta Jonan Basterretxeak artisautza euren bizimodua izatea.
Santa Maria ateaurrea igaro eta kale Nagusia igotzen hasi bezain pronto ikus daiteke Menina dioen kartela. Atentzioa ematen du txotxongiloek betetako erakusleihoak, barrualdera begiratuta, panpina eta buruhandi proiektuek osatzen dute eszena.
Menina tailerrak berrogei urtez bereganatu ditu bertakoen zein bisitarien begiradak. Gaur egun biltegi bezala erabiltzen duten lokala zen hasierako tailerra –egungoa baino bi zenbaki gorago dago–, eta bertan gordetzen dituzte urte horietan guztietan egindako sorkuntza lan ezberdinak. «Orain dela berrogei urte egiten genituen txotxongiloak ikusiz gero, gure garapen propioak aurpegian jotzen digu», azaldu du Idoia Feijo sortzaileak.
Garai onak –eta ez hain onak– bizi izan dituztela artisau gisa onartu dute Seijok eta haren bikotekide Jonan Basterretxeak. Baina haien ofizioa «bizimodu» egitea lortu dutela harro esan dute.
Hasieratik aritu dira elkarrekin sortzen, bata bestearen osagarri bihurtu arte. Seijorentzat «begi ona» eta «ideiak oso argi» ditu Basterretxeak. Aldiz, Basterretxearentzat, «modelatzea» eta «espresioa» dira Seijoren bertute nagusiak. Eta elkar ulertze eta sortze horren ondorioz, bi sortzaileak Menina tailerraren 40. urteurrena ospatzen ari dira 2020 urte honetan.
Etenik ez Meninan
Itxialdian zehar lan egiteko aukera izan dute Hondarribiko bi artisauak. Ateak itxita egin zezaketen, baina kaleko isiltasunak gogo-aldartea mantentzea zailtzen zien, eta beraz, etxean tailer txiki bat prestatzea erabaki zuten. Hala egin dute lana martxotik ekainera bitartean; konfinamendua bukatuta ordea, normaltasuna berreskuratzen ari dira pixkanaka.
Eskari gehiegi ez dutela uneotan argitu dute esan du Seijok: «Konfinamenduaren aurretik pendiente geratu zen enkarguren bat dugu eta hitzartuta genituen zenbait gauzei azkena ematea falta zaigu».
Horrez gain, aro digitalera egokitzeko webgunea ere prestatzen ari dira, eta hori guztia esan ondoren, garrantziarik gabe bezala 2020ko Espainiako Artisautza Saria ere prestatzen ari direla adierazi du Basterretxeak. Artisauen ibilbide profesionala eta hori ziurtatzen duten pertsonen bermeak baloratzen ditu epaimahaiak, eta horretan ere murgilduta dago bikotea egunotan.
Basterretxea eta Seijoren kasuan, epaimahaiak kontuan hartuko dituen espresio artistikoen artean, txotxongiloez gain, hamaika sorkuntza lan daude. Basterretxeak errepasatu ditu: «Orain dela berrogei urte ireki genuenetik gaur arte atrezzoarekin eta panpina edo pertsonaia ezberdinekin lotutako hainbat lan egin behar izan ditugu txotxongiloez aparte, besteak beste: XVI. mendeko sutegi baten erreprodukzioa; kai-mutur bateko harritzarrak tamaina originalen erakusketa baterako; karrozak; Gasteizko Gargantua; Zeledon, Zeledon Txiki eta Neska; Vaya Semanita telebista saioko JotaKe panpinak…». Sorkuntza horietan erabilitako teknikak eta materialak anitzak eta ezberdinak izan direla gaineratu du.
Garai eta behar ezberdinetara egokitzea ezinbestekoa iritzi diote biek. Horregatik, zalantza duten sortzaile eta artisauak animatu nahi izan ditu Seijok. «Agian kale berean berrogei urte eman ditugula ikusten badute, kapritxo batez harago izan dela ikusiko lukete. Guri ez zaizkigu bestelako lan eskaintzak falta izan, baina hau egin nahi genuen eta hau da gure bizimodua», berretsi du sortzaileak.
Madril, Bartzelona, Bidasoa
Umea besterik ez zela ekin zion Seijok panpinak sortzeari. Ez zuen horiekin jolastea maite, bai, ordea, eraikitzea. Gaztetan Madrilera joan zen Zeramika ikastera. Ondoren, txotxongiloak eraikitzeko gaitasuna lantzea ezinbestekoa zuela-eta Bartzelonara abiatu zen bikotekidearekin. La Fanfarre taldearekin aritu ziren Malic txotxongilo antzokian. «Hainbat tailer ezagutzen hasi ginen», azaldu du Basterretxeak, «eta orduan erabaki genuen tailer propioa sortzea».
Bidasora itzultzean, Irunen finkatu zuten haien lehen estudioa. Ondoren, Basterretxearen aita Nestor Basterretxearen baserrian txoko bat lortu zuten, baina hura ere txiki gelditu eta beste zerbait bilatzeari ekin zioten. Eta orduantxe agertu zen kale Nagusiko lokala. Berrogei urtean sorkuntzaren lekuko eta zaindari izandako gordelekua.