Txingudi igerilekuak ostiralean emango dio hasiera udari, ateak zabalduz
San Martzial-Txingudi Kirol Guneko igerilekuen ateak irekiko dituzte hilaren 31ean. Larrialdi egoeragatik, bi txanda ezarri dira: bata goizez eta beste arratsaldez. Edukiera ere mugatu da.
San Martzial-Txingudi Kirol Guneko igerilekuak berrirekiko dituzte hilaren 31ean (ostirala). Egun horretatik aurrera, ur-zonaldea, dagoeneko zabalik zeuden lau tenis-pistei eta hiru padel eremuei batuko zaizkie, ohiko jarduerei berrekinez.
Hori bai: Instalazioek larrialdi egoerak eskatzen dituen osasun eta segurtasun neurriak bermatu beharko dituzte. Hori ziurtatzeko, igerilekuetan bi txanda ezarri dira: bata goizez (11:00etatik 15:15era), eta arratsaldez bestea (16:15etik, 20:30era). Horrez gain, 150 pertsonako gehienezko edukiera ezingo da gainditu eta erabiltzaile guztiak musukoarekin bertaratu beharko dira.
Prezioei dagokienean, helduek 2,20 euro ordaindu beharko dituzte uretara sartzeko, eta gaztetxoenek (4-17 urte bitartekoek) 1,80 euro. Instalazioetara sartu ahal izateko aurretik erreserba egin beharko da, eguna eta txanda zehaztuz; hitzordua hemen klik eginez eskatu ahal izango da.