Hondarribia «eremu segurua» izan dadin kanpaina abiatu du udalak
Bertakoei zein kanpokoei osasun segurtasun arauak betetzeko «beharra» azpimarratuz hainbat kartel informatibo jarri ditu tokiko gobernuak.
Hondarribiko kale eta plazetan kartel informatiboak jarri ditu udalaren Hiritarren Segurtasun departamentuak Hondarribia «eremu segurua» izan dadin. Musukoaren erabilera, 1,5 metroko distantzia eta eskuen etengabeko desinfekzioa derrigorrezkoak direla gogorarazi nahi du era honetan udalak Itxeki Hondarribia! planaren barruan abiatutako kanpaina honekin.
Juan Mari Altuna departamentuko arduradunak adierazi duenez, «osasun eta segurtasun-arauak betetzearen nahitaezkotasunaz eta garrantziaz» kontzientzia piztea da kanpainaren helburu nagusia. Ostalaritza establezimenduei ere igorri zaizkie kartelak, eta horietako batzuk ere hondartza inguruan jarri dituzte.
Kanpainaren berri ematen joango da udala erakundearen sare sozialetan eta webgunean.