Federatuen pista txapelketak bueltan dira
BAT Bidasoa Atletiko Taldeak azaldu duenez ostegunean hasiko da lehiaketa sasoia Gipuzkoan Anoetako estadio txikian antolatu duten parte hartze libreko probarekin.
COVID-19arengatik etenda egon ondoren, bueltan dira federatuen pista txapelketak. BAT Bidasoa Atletiko Taldeak azaldu duenez ostegunean hasiko da lehiaketa sasoia Gipuzkoan Anoetako estadio txikian antolatu duten parte hartze libreko probarekin. BATeko atletetako batzuk bertan izango direla aurreratu du. Teresa Errandonea atleta 100 metroko hesi lasterketa eta 100 metroko lasterketa bikoizten saiatuko dela ere jakinarazi du BATek, “klubaren errekorrak arrisku bizian daude”.
Udaleku arrakastatsuak
Bidasoko haur askok aukeratu dutela Atletismoa kirol eta aisi moduan aurtengo udan eta pozik azaldu da BAT: “Plaiaundiko pistatik 330 haur pasa dira dagoeneko, eta beste 200 daude izena emanda”. Abuztuko aste guztietarako eta iraileko lehen asterako izena emateko epea zabalik mantentzen duela gogorarazi du gainera. Informazio guztia, hemen kontsulta daiteke.
Aurrera begira ere jarri da Bidasoa Atletiko Taldea ere, eta uda ostean lasterketak antolatu ahal izateko lanean ari dela jakinarazi du. Guadalupeko igoera, irailaren 5ean, eta Txingudi Korrika, urriaren 3an egiteko protokoloak aurkeztu dizkietela udalei jakinarazi du, “ez dira garai errazak herri lasterketentzat, baina segurtasun osoarekin antolatzen saiatzen ari gara garai berrietara egokituta”. Epe laburrean informazio zehatza izatea aurreikusi du BATek.