Bi lagun harrapatu eta erakusleiho bat jo du gidari batek
Autoarekin harrapatutako ama-alabak ez daude larri, baina Donostia Ospitalera eraman dituztela jakinarazi du Udaltzaingoak.
Bi lagun zauritu dira Irungo San Miguel auzoan, Zubiaurre kalean zehazki. Autoa aparkatzen ari zen gidari batek istripua izan du gaur goizean, Bere autoarekin erakusleiho baten kontra jo eta establezimendu barruan sartu da.
Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, Zubiaurre kaleko seigarren zenbakian zegoen autoa aparkatuta; gidaria eta beste bi bidaiari ziren barruan. Autoa aparkatu, eta gidariak ibilgailua geldiarazteko botoia sakatu zuela uste bazuen ere, —automatikoa zen autoa— ez zuen aktibatua. Ondorioz, autoak aurrera egin, eta une horretan espaloitik pasatzen ari ziren bi lagun harrapatu ditu, haur bat eta haren ama.
Udaltzaingoak jakinarazi du ez daudela larri zaurituak, baina biak Donostia Ospitalera eraman dituztela. Autoan zeuden hiru lagunak onik dira.