Herritarrei arreta emateko gune gehiago aldarrikatu ditu PSE-EEk
Udaletxeko etxabeak eta Muliateko udal egoitza herritarrei aurrez aurreko arreta gune gisa erabiltzeko eskatu dio talde sozialistak udal gobernuari.
Hondarribiko PSE-EEren udal taldeko Iosu Alvarez bozeramaileak herritarrei aurrez aurreko arreta zerbitzua emateko bulego gehiago ahalbidetzeko eskatu dio EAJren gobernu taldeari. Arreta zerbitzua eta Gizarte Zerbitzuetako arreta nabarmendu ditu sozialistak, haren arabera “udalak ez baitu hondarribiarren beharretara egokitutako zerbitzu duinik ematen”.
Koronabirusaren krisiaren ondorioz arretarako “gabeziak” agerian gelditu direla sinetsita dago bozeramailea, “etxeko lanak egin gabe” baitzeuden larrialdia hasi zenean. Hori guztia dela eta, udaletxeko etxabeak eta Muliateko udal egoitza arretarako gune berri gisa ahalbidetzeko eskaria helarazi dio EAJren udal gobernuari.