Euskal Herriko Gazte Orkestrak Itsas Etxeko agertokia beteko du etzi
EGOko arduradunen arabera, aurten protagonismo "berezia" emango zaie "zurezko haize atalei" zein "hari atalari". Itxiera ekitaldian bat egingo dute biak.
Udako kultur agendan ohiko bihurtu den Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) kontzertuak ez du hutsik egingo aurten. Itsas Etxea auditoriumean izango da emanaldia etzi asteazkenarekin, 20:00etan. Sarrerak 12 euroan daude salgai ondoko atari digitalean eta Arma Plaza informazio gunean. Hemezortzi urtez azpikoentzat 5 euroan eskura daitezke.
Donostia, Bilbo eta Gasteizen egingo duen geldialdiaz gain, Hondarribian ikusi ahal izango dute interesdunek EGO. Aurtengo programan, gainera, “protagonismo berezia eman nahi izan diegu alde batetik zurezko haize atalei, eta bestetik, hari atalari”. Hori dela eta, “atal horiek programa itxiko duen obran bat egingo dute”.
1997. urtean sortu zen EGO eta bere ibilbidean zehar musika sinfoniko eta ganbera musikari dagozkien 150 kontzertutik gora eman ditu, dozena erdi herrialde bisitatu ditu nazioarteko biretan, 120.000 ikus-entzule izan dit,u eta 1.000 gazteren parte hartzea jaso du urte horietan guztietan zehar.