Sanz-Azkue: «263 errotarri testamentu batean; zerbaitek ihes egiten zigun»
Jaizkibelgo harriarekin egindako errotarriak aurkitu ditu aditu talde batek konfinamenduan zehar egindako lanaren ostean; orain, errotarriak Amerikara iritsi ote ziren ikertzen ari dira.
Javi Castro eta Joseba Alonso ikerlariek Jaizkibelgo harriarekin egindako errotarriak bilatzeari ekin ziotenean, Hondarribian egokitutako Iñaki Sanz-Azkue biologoarekin kontaktatu zuten eremua ezagutzen zuelako. Jon Aldaia arkeologoa eta Denis Alvarez historian aditua, biak hondarribiarrak, lantaldera batu zitzaizkien ondoren, eta momentuz, susmoa errealitate zela demostratu dute.
Nolakoa izan da errotarrien aurkikuntza? Ba al zenuten susmorik horren inguruan?
Iñaki Sanz-Azkue: Bai, gurekin lantaldean dago Aranzadiko Etnografia saileko Javi Castro aditua, eta berak urteak daramatza Euskal Herrian errotarri harrobiak bilatzen. 300dik gora aurkitu ditu jada. Bere garaian nirekin Urumea ibaian ibili zen eta bat aurkitu genuen. Esan zidan bazituela dokumentuak esaten dutenak Jaizkibelen bazirela. 1802ko liburu bat dela uste dut, Madrilgoa, eta bertan aipatzen da errotarriak bazirela, areago, Jaizkibelgo harria errotarria egiteko oso ona zela dio.
Orain dela gutxi, baina, Maximo Sagarzazuk egindako mapa batzuen gaineko erreportaje bat kaleratu zuten, eta bertan Errotarri izeneko toponimo bat zegoen. Ingurune horretara joan ginen eta berak esandako tokian ez genuen ezer aurkitu, baina egun horretan aurkitu genuen errotarri erdi bat mendian. Beste zerbait gehiago egongo zela pentsatu eta horrela hasi ginen.
Jaizkibelgo errotarriak onak zirela esaten zuten dokumentuek. Zein berezitasun zuten?
Sanz-Azkue: Harriak baino, mendia esaten dute ona zela errotarriak ateratzeko. Berezitasuna da hareharria dela, harri mimarri esaten diote Hondarribian, eta zizelkatzeko edo lantzeko oso egokia dela. Hori da ezaugarri nagusia. Eta harrobiak dauden tokian magalak ere laguntzen du, ez da oso leku malkartsua lan egiteko.
Harrobi bat baino gehiago zegoen orduan?
Denis Alvarez: Esan beharra daukat errebotean nagoela hemen [umorez]. Kontua da orain dela sei bat urte liburu bat atera genuela Irungo Iñaki Garridok eta nik XVI. mendeko Hondarribiari buruzkoa, eta herriko testamentuak jaso genituen. Iñakik nirekin kontaktatu zuen Javi Castrok testamentu batzuk irakurri zituelako eta horrela sartu nintzen lantaldean.
Gure liburuan egin genuena izan zen informazioa bildu, baina ez interpretatu edo ikuspegi orokor bat eman. Javik, hain zuzen, hori egin zuen: deskubritu zuen dokumentazioaren barruan harginen testamentu bat zegoela, eta Jaizkibelen lan egiten zutela esaten zuen, errotarriak zeudela, garraiatu egin behar zituztela… Hortik tiraka harrobiak non egon zitezkeen pentsatzen hasi ginen. Esan behar da dokumentazioan ez zela harrobia hitza esaten, Jaizkibeli buruz orokorrean hitz egiten zen. Harrobiak, gainera, ez dira errotarrietarako bakarrik. Balio ez zuten harriak baserriak edo dena delakoa eraikitzeko erabiltzen zituzten. Gero, egia da, aditu batekin joanda argi ikusten duzula mendia jan egin dutela.
Sanz-Azkue: Denisek egindako liburuko testamentuek kristoren pista eman ziguten. Errotarri erdi bat aurkitu genuen, eta horrek demostratu zuen errotarriak egiten zirela, baina ez zenbat ateratzen ziren. Gainera, oso handia ez zen eremu batean zegoen. Gero, Jon Aldaiak, taldean dagoen beste hondarribiar batek, 1596ko dokumentu bat pasa zigun esaten zuenak hamahiru errotarri eraman zirela Guadalupeko ama izeneko itsasontzian Hondarribitik Sevillaraino [Espainia]. Beraz, harriak esportatzen baldin baziren ezin zuen harrobi txiki bat izan. Eta Denisen liburuan, ikaragarria izan zen, ikusi genuen esaten zuela Aldasoro izeneko harginak Azaldegi izeneko beste hondarribiar bati 63 errotarri eman zizkiola Pontevedran [Galizia] saltzeko. Baina horrez gain, esaten du, beste ehun errotarri zituela Jaizkibelen, eta beste hainbeste Santa Engrazi ermitan utziak. 263 errotarri testamentu bakarrean. Zerbaitek ihes egiten zigula pentsatu genuen. Orduan hasi ginen artxiboekin eta Denisekin harremanetan jarri ginen.
Dokumentuek sostengatzen zuten hipotesia?
Alvarez: Bai, Javiri pasa nion genuena, eta zuzendu genituen dokumentuak. Mila dokumentu baino gehiago bildu genituen liburua osatzeko, eta akatsen bat edo beste zuten.
Gure beste zalantza zen, harrobiak udalarenak edo partikularrak ote ziren. Eta gure hipotesia da enkantean jartzen zirela, norbanako batek hartzen zituela eta gero harginak eta beharreko langileak kontratatzen zituela. Momentuz egia da espero genuena baino gutxiago eman duela, baina jakin ahal izan dugu pleitak egon zirela. Hargin hauek, gainera, ez zituzten errotarriak egiten bakarrik. Aldasorok esaten du bere testamentuan, Jaizkibelgo miradore hotela zegoen lekuan, Santa Barbara izeneko ermita zegoela eta hango etxezaina ere bazela. Kontuak eramaten zituen, eta ikusi dugu Guadalupeko ermitan nahiz hainbat etxetan ere lan egiten zuela. Bere lanbidea zen, eta lanbide horren parterik ikusgarriena, orain badakigula nora begiratu, errotarrien parte hori izan daiteke.
Sanz-Azkue: Kontua da azkenean gauza oso txiki batetik sortu dela oso denbora gutxian gauza handi bat, aurkitu ditugulako dokumentu batzuk pistak eman dizkigutenak. Era berean horrek laguntzen digu XVI. mendeko Hondarribiko gizartea ulertzen.
Errotarri hori aurkitu genuen, 263 errotarrien testamentua, eta zerbaitek ihes egiten zigula pentsatu genuen. Nola has zaitezke hori begiratzen? Nola hasiko ginen Jaizkibel osoa begiratzen? Oso handia da. Gainera, zergatik ez da orain arte aurkitu? Harrobi asko daude, eta ezagunak dira asko, baina errotarri harrobiak, horiek ez dira ezagunak.
Erdi kasualitate batengatik edo, Denisek aipatu duen Santa Barbara ermita horren harira, Javi Castro etnografoak esan zigun harrobiak ezin zuela oso urruti ibili Santa Barbara harginen zaindaria delako. Castrorekin batera Joseba Alonso aritu da dokumentuekin lanean, eta egun batean hara igoko zirela esan zuten. Igo ziren, eta Denisek esan duen bezala, hasi ziren aurkitzen eraikuntzaren harrien arrastoak, baina gauza bat da errotarriak egiten ziren edo ez demostratzea, eta beste gauza bat errotarriak aurkitzea. Eta halako batean errotarri handi bat aurkitu zuten, eta aurrerago, beste errotarri erdi bat, eta hor esan zuten: ‘Hemen zerbait dago’.
Denisek eta biok hiru irteera egin ditugu beraiekin, eta azkenean, harrobi berean hamar errotarri aurkitu ditugu. Badirudi ez direla asko, baina hor utzi bazituzten puskatu zitzaizkielako edo ez zituztelako behar izan zen. Javi Castrok argi esaten du profesionalak zirela, errotarri bat ez zitzaiela erraz hausten. Hamar errotarri asko dira, eta horrek esan nahi du harrobi oso handia zegoela: esportazioarekin lotzen hasten da, harrobi handi bat egotearekin.
Nola bihurtzen zituzten harri horiek errotarri?
Alvarez: Bi gauza. Lehena, nik uste dut ez dugula pentsatu behar mahai biribil baten forma duen harrian, ez. Eta bigarrena da, denoi hitz egiten digutenean harrobi bati buruz harrobi bertikaletan pentsatzen dugula, ikaragarrizko obretan, eta hau ez da hori. Ondo aprobetxatutako mendi magala da bertan duguna. Miradorretik Jaizkibel tontorrera bidean belarra zapaltzen duzu, baina belar geruza hori oso txikia da, berehala harria dago. Orain estalita dago eta ez da ikusten, baina agian garai batean dena garbi zuten. Izan daitekeena da harriaren gainean neurriak hartzen zituztela lehenik, beste harri bat aurkitzen zutela errotarriak behar duen diametroarekin, markatu zein perimetroko harria nahi zuten, ingurua zizelkatzen joan eta forma biribila duzunean gutxi gorabehera, garbitzen joan, lautzen, forma ematen.
Sanz-Azkue: Bi metodo zeudela uste dugu. Bata, Denisek esan duena, eta bestea da, harri blokean falka batzuk jarri, atera blokea, eta hor egin. Itxuraz, bi moduak praktikatzen zituzten eta bi moduen arrastoak daude. Dagoeneko lau harrobi aurkitu ditugu, Pasaian eta Hondarribian, baina kontuan izan behar da garai batean dena Hondarribia zela. Hala ere, gaur egungo Hondarribian dagoen harrobi horietako bat garrantzitsua da: errotarri horiek esportatzen zirelako, handia delako, nahiz eta gu joaten bagara orain ez dugu ezer nabarituko. Baina pauso guztiak erakusten duten arrasto asko daude: blokea nola ateratzen zen, nola errotarriak egiten hasiak dauden, errotarri osoa laututa nola dagoen… Beste pauso bat ere dago, gurutzearen metodoa, eta horrekin nahi zuten altuera ematen zioten [irudian].
Zergatik utzi zioten Jaizkibel ustiatzeari?
Alvarez: Ez dakit zein punturaino utzi zioten mendia ustiatzeari. Dokumentu zaharrenak XVI. mendera baldin badoaz, eta ikusita zer dagoen, segur aski lehenagotik ere landua zen. XVI. mendean, Aldasororen dokumentuak ikusirik-eta ez dakit industria hitza erabil daitekeen, baina gerora ere erabilia izan zela esango nuke. Demostratzen duena da funtzionamendua dagoela, hargin horrek, adibidez, bi testamentu zituelako. Batzuetan testamentu bat eskaintzen zuten, baina bigarren bat idazten zuten hiltzen ez baziren. Aldasorok egin zuen bigarren horretan, lehenengoan aipatzen ziren errotarrien kontuak ez dira agertzen, eta horrek esan nahi duena da kobratzeko pendiente zuena kobratu duela, edo beste nonbait utzi dituela, aprendiz bat eduki dezakeela, edo familia arteko lanbidea izanda senideren batek hartu duela ardura.
Sanz-Azkue: Nik uste dut kontua dela utzi egin ote zuten, beste herrietako konpetentzia oso handia zelako, edo errotak ere garrantzia galduz joan zirelako.
Aipatu dituzue Sevilla, Pontevedra… Ameriketara iritsi ote ziren ere ikertzen ari zarete.
Alvarez: Javik planteatu zuen izan daitekeela hurrengo pausu logikoa. Kristobal Kolon Ameriketara iritsi zenetik Sevilla bihurtu zen horren ate. Sevillan dagoen Indietako Agiritegi Nagusia ustiatzea litzateke, baina ikaragarria da. Kontua da, Sevillara hamahiru errotarri eraman bazituzten, eta han bertan edo inguruan harrobiak egongo zirela kontuan hartzen baldin badugu, zergatik ez pentsatu egon zitekeela enkargu bat errotarriak, beste hainbat gauzaren artean, Ameriketara edo beste nonbaitera eramateko?
Sanz-Azkue: Hipotesiaren planteamendu nagusia da galdetzea: zertarako eramaten dituzu? Zertako joaten dira Sevillara? Merkeagoak direlako eta merkeago aterako da haraino esportatzea hori dena? Logikoena da bertakoak erostea han. Aurkitu ditugun errotarrien eskari guztiak dira Sevilla, Cadiz [Espainia], Galizia eta baten bat Lisboara [Portugal] eramateko. Eta Javik esaten zigun Sevilla eta Cadiz Ameriketako atea zirela, baina Galiziatik ere Amerika eta Kuba aldera ateratzen zirela. Orduan bat egiten du bertarako atea ziren portuak jasotzen zutela hemengo errotarria.
Hurrengo pausua orain, badakigunez hemendik zein urtean atera ziren, eta zenbait kasutan zein egunetan ere, informazioa pasatzea han [Sevillan] ezaguna dugun bati eta hark ikustea egun batzuk geroago itsasontziren bat atera ote zen Amerika aldera, errotarriekin.
Tamalez, ahozkotasunean galdu den zerbait da. Dokumentuek eta mendiak berak eman dizkigute pistak Hondarribiko gizarteari eta orduko ofizio bati buruz. Eredu oso on bat dugu, desagertutzat ez baina ahaztutzat eman dena, eta bat-batean deskubritu dugu hor dagoela, eta Amerikara iritsi daitekeela gainera. Hemengo harginei galdetu diegu eta ez zekiten ezer. Jakinaren gainean zeuden harrobiak zeudela, baina eraikuntzarako erabiltzen zirela esan ziguten, hemengo eraikin gehienak, murrua barne, harri mimarriarekin eginak baitaude. Eta ez dugu prezioari buruz hitz egin, baina errotarri bakoitzak gaur egungo 3.000 euro kostatuko luke, pentsa.