Dena prest aurtengo Adour-Bidasoa margo lehiaketarako
Bihartik (hilak 25) aurrera aurkeztu daitezke lanak, irailaren 1era bitarte. Obrak originala beharko du izan, aurreko beste lehiaketetan saritu gabekoa.
Hiriko margolariak adi egon daitezela, Irungo Udaleko Kultura sailak dena prest baitu aurtengo Adour-Bidasoa margo lehiaketarako. Bihartik aurrera aurkeztu ditzakete lanak 18 urtetik gorako irundarrek, irailaren 1era bitarte.
Askotariko lanak aurkeztu ahalko dira aurtengo edizio honetan ere: fotomuntaketa, bideo instalazioa, pintura digitala… Partaide bakoitzak obra bat aurkeztu beharko du, originala, aurreko beste lehiaketetan saritu gabekoa. Obrak, egilearen izenperik gabe eta atzean izenburua duela aurkeztu beharko direla zehaztu du Kultura sailak, kartazal batean. Honen barnealdean egilearen izen-abizenak, NAN, helbidea eta telefonoa zehaztea beharrezkoa izango da.
Markorik gabe entregatu beharko dira obrak, eta gutxienez 80 zentimetro eta gehienez 150 zentimetroko tamainakoa beharko du izan. Amaia Kultur Zentroan beran aurkeztu daitezke lanak, honako ordutegian: bihartik hilaren 29ra eta irailaren 1ean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta abuztuaren 30ean, 10:00etatik 14:00etara. Abuztuaren 31ean berriz, itxita egongo da.
Sari banaketa irailaren 18an (ostirala da) egingo dute, erakusketaren inaugurazio egunean. Irabazleak 2.500 euro jasoko ditu, eta Irungo Udalaren Margoen Ondarean jarriko dute bere artelana. Epaimahaiaren Sari Berezia irabazten duenak aldiz, 500 euro jasoko ditu, Gazte Artistaren Saria jasotzen duenak bezalaxe.