"Ezustekoei aurre egiteko" 500.000 euroko diru saila prestatu du udalak
Kreditu gehigarrien bigarren aldaketa honen bidez "beharra sortuko balitz" diru partida hori azkarrago mobilizatzeko aukera edukiko luke udalak, Sagarzazuren arabera.
“Ezustekoei aurre egiteko” 500.000 euroko diru saila prest edukitzea onartu zuen atzo Hondarribiko Udalbatzak. EAJren udal taldeak egin zuen proposamenaren alde, eta gardentasun faltari lotutako kezkak medio abstentziora jo zuen oposizioak. Txomin Sagarzazu alkateak esan zuenez denbora aurrezteko tresna litzateke, esaterako “izurriaren ondorioz beharra sortuko balitz osoko bilkura bat egin, dekretu bat egin, hilabeteko epea itxoin eta hori guztia egin beharrean”.
Abotsanitzek hartu zuen hitza lehenbizi, eta urtea “berezia” izaten ari dela jakin arren, salbuespen partidak baino “kontzeptu konkretuetarako” diru-sailak nahiko lituzketela azaldu zuen Igor Enparan bozeramaileak, alegia, “gastu konkretu hori begirako kreditu aldaketa egin beharko genukeela uste dugu”.
PSE-EEren udal taldeko Iosu Alvarez bozeramaileak Itxeki Hondarribia! talka planaren diru-laguntzen egoeraren inguruko informazio falta salatu zuen, eta ezjakintasun horren barruan kokatu zuen EAJren udal gobernuaren proposamena.
Xabier Bengoetxea EH Bilduko zinegotziak bere aldetik, Alvarezen ildo beretik argudiatu zuen haien jarrera, eta informazio gehiago eskertuko lukeela adierazi zuen.
2019ko Kontu Orokorra
Atzoko ezohiko osoko bilkuran eztabaida eragin zuen beste gaietako bat 2019ko Kontu Orokorraren onarpena izan zen. Abotsanitzek herenegun salatu bezala, Hondarribiko Udalak 2019ko aurrekontuaren %42 ez zuen gastatu, eta hori, “lanak ondo egin ez izanaren” seinale dela adierazi zuen Igor Enparan alderdiko bozeramaileak. Inbertsio ugari gauzatu gabe geratu direla ohartarazi zuen hautetsiak, eta Kontu Orokorrak “legedia betetzen” duen arren, “gauza arraroak” ikusten dituztela erantsi zuen.
Oposizioko beste bi alderdiek ere hiza hartu zuten. Xabier Isasi EH Bilduko bozeramailea “kezkatuta” agertu zen EAJren udal taldeak gobernu planik ez duela iritzita. Hori dela eta, “irizpideak markatzeko” eta gobernu plana publiko egiteko eskatu zien jeltzaleei.
Sozialisten bozeramaile Iosu Alvarezek Gizarte Zerbitzuetako, alokairuaren laguntzarako eta erregularizaziorako eta beste hainbat sailetako partidak izan zituen hizpide. Jendarteak gaur egun dituen “behar ekonomikoetaz” mintzatu zen eta udal bezala diru-partida horiek inbertitu ez izana ez dela “onargarria” adierazi zion alkateari.
Eztabaidak eztabaida, EAJk gehiengoa baliatu zuen beste behin ere proposamena aurrera ateratzeko. Abotsanitzek eta PSE-EEk kontra egin zuten eta EH Bilduk abstentziora jotzea erabaki zuen.