«Udalaren eraginkortasuna hobetzeko» mozioa aurkeztuko du bihar EAJk
Udaletxeko Udal Araudi Organikoa «osorik berrikusten hasteko» garaia dela uste dute jeltzaleek. Egungoa, «gaur egun bizi dugun errealitateari erantzuten ez dion araudi zaharkitua» dela salatu dute.
Irungo EAJ taldeak mozio berri bat aurkeztuko du biharko Udalbatzan. Udaletxeko Udal Araudi Organikoaren eguneratze integralean urratsak ematen hasteko garaia dela uste dute jeltzaleek, «gaur egun bizi dugun errealitateari erantzuten ez dion araudi zaharkitua» baitu udalak taldearen arabera. Egungoa, 1990ko martxoan osatutakoa da. Horregatik, araudiaren eguneratze bat egitea proposatuko dute biharko saioan.
«Irungo udaletxeak zein udaleko teknikari askok ere, sarritan adierazi dute araudia bere osotasunean berrikusi eta EUDELen gomendioak kontuan izanik, eguneratu beharko litzatekeela», esan dute jeltzaleek. Zentzu horretan aurrera pausoak eskatu dizkiote udal gobernuari, eta araudia «osorik berrikusten hasteko unea» dela uste dute.
Biharko mozioan 2019-2023ko agintaldian Udal Araudi Organikoa modernizatzen hastea eskatuko dute, «XXI. mendeari egokitutako araudi eguneratua». Eta horretarako, udal talde guztiekin eta teknikariekin osatutako lan mahai bat sortzea proposatuko dute. Era berean, mahai horretan adostutako proposamenak udalbatzara «modu mailakatuan eta kapituluka» aurkezteko proposamena egin dute.