Bihar bilduko da Hondarribiko Udalbatza
Ezohiko udalbatzarra egingo dute bihar Hondarribiko udal taldeek, eta besteak beste, HAPOaren aurkako epaiari helegitea jartzea eta antolamendu plan berria izapidetzea bozkatuko dituzte.
Ezohiko osoko bilkura egingo du bihar Hondarribiko Udalbatzak. Arratsaldeko 18:00etarako luzatu du udalak deialdia, eta segurtasun neurriak medio, zinegotziez gain ezinbesteko langileak soilik egongo dira bertan. Online jarraitu daiteke udalbatzarra udalaren webgunearen edota Facebook orrialdearen bidez.
Gai ordenean zehaztutakoaren arabera, Hondarribiko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren (HAPO) aurkako epaiari helegitea jartzea bozkatuko dute hautetsiek, baita plan orokor berri bat izapidetzen hastea ere.
Denera, eta momentuz, hamabi puntuk osatzen dute eguneko gai ordena:
- 2019ko eragozpen-txostenaren berri ematea.
- Langileen finantza-kontrolari buruzko 2019ko txostenaren berri ematea.
- 2019ko kontratazio txikiaren finantza-kontrolaren txostenaren berri ematea.
- Urteko finantza-kontroleko planaren aldaketaren berri ematea.
- Kontratazio txikiagoko finantza-kontrolari buruzko txostenaren berri ematea. Fakturen zerrenda: 10.etik 21.era (2020ko martxotik ekainera).
- 2019ko Kontu Orokorra onartzeko proposamena.
- Bigarren kreditu gehigarrien aldaketa onartzeko proposamena.
- Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiaren 164/2020 epaiaren kontrako kasazio-errekurtsoa jartzeko proposamena.
- Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren izapidetze berria onartzeko proposamena.
- Herritarren parte hartze programa onartzeko proposamena.
- Montañeneako Xehetasun Azterketaren behin betiko onespen proposamena.
- Ekintzailetzaren sustapenerako enpresa lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzen oinarriak aldatzeko proposamena.