Aurrekontu osoaren %58 "bakarrik" gastatu zela iaz jakinarazi du Abotsanitzek
Denera 38 milioi eurotik gora kudeatu zituen 2019an udal gobernuak eta beraz, hainbat diru-sail "erabili gabe" geratu zirela salatu du udal taldeak.
Hondarribiko Udalak iazko aurrekontuaren %58 “bakarrik” gastatu zuela zabaldu du gaur Abotsanitz Herri Batzarrak. Hasierako aurrekontua 21,9 milioi eurokoa izanda eta kreditu aldaketa 16,9 milioi eurokoa, 38 milioi eurotik gora jaso zituen udalak denera, alderdiak plazaratutako datuen arabera. “Ondorioz, onartutakoa baino 16,3 milioi euro gutxiago jaso zituzten herritarrek iaz”.
2019. urteko Kontu Orokorra jorratuko du bihar Hondarribiko Udalbatzak ezohiko osoko bilkuran, eta hori dela eta egin ditu publikoak datuak Abotsanitzek. Horien artean, inbertsioetarako aurrekontua nabarmendu du alderdiak “aurrekontuaren %29 baino ez zen gauzatu, 14,4 milioitik 10,3 milioi ez ziren erabili”.
Datuei erreparatuta, EAJren “kudeaketarako gaitasun eza” agerian geratzen da udal taldearentzat. Izan ere, “aurrekontu eredua” urtetik urtera “errepikatzen” dela uste dute, eta horrek 54 milioi euroko soberakina pilatzera eraman du udala, “zerga eta tasetan sei urtean jasotzen duenaren adina”.
Erabili gabeko zenbait partida zerrendatu ditu Abotsanitzek, baita exekuzio oso txikia izan dutenak ere:
- Trafiko antolakuntzako informazio prozesurako ekipoak: 480.000 euro
- San Nikolas zubiaren berritzea: 370.000 euro
- Blues jaialdia: 356.000 euro
- Harresiak: 319.000 euro
- Udaltzainen bulegoak eta ibilgailuak: 153.000 euro
- Parking publikoaren aztertzea: 60.000 euro
- Hondartzako azpiegiturak: 35.000 euro
- Caritas eta Gurutze Gorria: 16.000 euro
- Saindua aurrekontuaren %91 erabili gabe
- Herritarren parte-hartzea: %83 erabili gabe
- Garraio eta azpiegiturak: %99,5 erabili gabe
- Auzo-bideak: %73 erabili gabe
- Genero berdintasunaren sustapena: %80 erabili gabe
- Lehen mailako gizarte laguntza: %48 erabili gabe
- Kultur ekipamenduak: %63 erabili gabe
- Artxiboa: %69 erabili gabe
- Ondare historiko-artistikoaren sustapena: %51 erabili gabe
- Kasino Zaharra: %47 erabili gabe
- Kirola sustatzea: %41 (844.000 euro) erabili gabe
- Hondarribia Abian %43 (129.000 euro) erabili gabe
- Babes-publikorako etxebizitzak %100 erabili gabe
- Etxebizitza alokatzeko laguntzak %100 erabili gabe
- …