Kontrako Eztarrixe irrati libreak zuzenekoa eskainiko du Irunen
'Hankak Lurrin' saioa zuzenean eta jendaurrean eskainiko dute ostegunean. Irungo Aitzondo Euskara taldeak antolatu du, Antxeta Irratiaren kolaborazioarekin.
Azkoitiko Kontrako Eztarrixe irrati libreak Irunen eskainiko du hurrengo Hankak Lurrin saioa. Izan ere, Aitzondo euskara taldeak irratiko kideak gonbidatu dituzte, estudioan beharrean, Mosku inguruan zuzenean eta jendaurrean aritzera. Saioa ostegunean (hilak 23) izango da, 19:00etatik aurrera, Urdanibia plazan.
Plazaren erdian estudio inprobisatua jarriko dute, eta alboan, ikus-entzuleentzako aulkiak erabilgarri izango dira. Saioa Antxeta Irratiak grabatuko du. Aitzondokoek nabarmendu dutenez, ez dira Iruni eta irundarrei egindako erreferentziarik faltako.
Saioa Miel eta Iñaki Segurola “Ogrue”-k gidatuko dute, beti bezala, umorez eta hausnarketa sakonak eskainiz. Saioan bertaratzeko beharrezkoa izango da segurtasun neurriak hartzea. Distantzia mantentzeko eta musukoa eramateko deia egin diete herritarrei.