Kasino Zaharra adinekoen egoitza berriz ere zabaltzeko eskatu du PSE-EEk
"Arrisku handiko" taldea den arren, segurtasun neurri guztiak betez adineko pertsonei zuzendutako zerbitzuak berriro eskaintzeko galdegin du sozialisten udal taldeak.
Kasino Zaharra adinekoen etxea berriz ere irekitzeko eskaria luzatu dio gaur PSE-EEren udal taldeko Iosu Alvarez bozeramaileak EAJren udal gobernuari. “Arrisku handiko” taldea izanda, osasun segurtasuna bermatzeko neurri guztiak betearaziz adinekoen zerbitzuak berreskuratu daitezkeela adierazi du sozialisten arduradunak.
“Taberna bat baino askoz gehiago da zaharren egoitza, aisialdirako gune eta erabiltzaileak aktibo egon daitezen sozializaziorako lekua baita”, adierazi du Alvarezek. Jubilatuek halako jarduerak ezinbestekoak dituztela ere erantsi du bozeramaileak, “euren autonomiaren bitartez autoestima ere lantzen dutelako”.
Hortaz, ile-apaindegia eta podologia bezalako oinarrizko zerbitzuak berreskuratzeko galdegin du sozialistak, eta gainontzeko jarduerak talde txikitan eta segurtasun berme guztiekin eskaintzeko gehitu du. Martxotik itxita dago adinekoen egoitza.