Sailkapen orokorraren bosgarren postuan kokatu da gizonen trainerua, eta azkena emakumeena
Gizonen eskifaia atzo Orioko uretan bigarren sailkatu zen arren, seigarren sartu zen larunbateko estropadan Getxon; emakumeak bere aldetik, azkenak izan dira azken bi jardunaldietan.
Ezin izan dute banderarik eskuratu Hondarribia Arraun Elkarteko traineruek asteburuan. Getxoko Estropaden XLII. Ikurrina – J. A. Agirre Lehendakariaren XVI. Omenaldia izenpeko bandera jokatu zen larunbatean Bizkaiko uretan, eta Orioko eskifaiak gailendu ziren Eusko Label zein Euskotren ligetan. Hondarribiko gizonen botea seigarren sartu zen eta emakumeena laugarren, biak ala biak lehenengotik 22 segundora.
Atzo, bestalde, Orioko XXX. Estropadak – VIII. Orio Kanpina Banderaren txanda izan zen. Gizonen boteak bigarren postua eskuratu zuen, eta emakumeenak hirugarrena. Bi segundoko aldea atera zion Urdaibai traineru irabazleak Ama Guadalupekoa gizonen eskifaiari. Donostiarra Lacturale Orioko estropadako irabazleak 31 segundo atera zizkion Hondarribiko emakumeen taldeari.
Aipatzekoa da emakumeen kategoriako azken lehia honetan hiru traineruk parte hartu zutela denera, Donostia Arraun Lagunak taldeko arraunlari batek koronabirusean positibo emanda ontzi osoa jardunalditik kanpo geratu ondoren.