Ekialdebuseko enpresa batzordeak elkarretaratzera deitu du
Hondarribia eta Donostia arteko E27 autobuseko gidariak atzo goizean pairatutako erasoa salatzeko helburuarekin mobilizatzera deitu dute.
Atzo goizean E27 autobus zerbitzuko gidariak pairatutako erasoa salatzera deitu du Ekialdebuseko enpresa batzordeak, hilaren 23an ostegunarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean, 11:00etatik 11:30era.
Langileek plazaratutako oharraren arabera, “atzoko gertakizuna ez da lehenengoa izan, autobusetako txoferrok ia egunero pairatzen ditugu ahozko eraso zein eraso fisiko ezberdinak”. Hori dela eta, egoerari aurre egiteko “prebentzio neurri egokiak” aldarrikatu dituzte langileek: “Gure eskubidea da lanean ziur eta beldurrik gabe sentitzea”.
Hondarribia eta Donostia arteko ibilbidea egiten duen E27 zerbitzuko autobus gidaria erasotu zuten atzo goizean hiru gaztek, zabaldutako informazioaren arabera, maskara ez eramateagatik autobusera igotzea galarazi zienenean.