Marlaxkako Patxi Morenok gazte mailako EAEko txapela jantzi du
Abadiñon larunbatean jokatutako adinaren araberako banakako txapelketan gailendu zen irundarra; klubeko Ander Tafallek eta Jokin Etxanizek ere parte hartu zuten lehian.
Patxi Moreno Hondarribiko Marlaxka Xake Klubeko jokalari irundarrak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gazte mailako txapela janztea lortu du asteburuan, Abadiñon (Bizkaia) jokatutako adinaren araberako banakako txapelketaren gazte mailan gailendu ondoren. Jokin Etxaniz eta Ander Tafall Marlaxkako jokalariek 10. eta 5. postuak eskuratu zituzten txapelketan, hurrenez hurren.
Klubeko arduradunek zabaldu dutenez, maila handiko lehia izan zen larunbatekoa Abadiñon. Miguel Angel Muela zuzendariaren gidaritzapean garatu zen lehiaketa, Lukas Iruretagoiena arbitro nagusiarekin, Ibon Martin eta J. M. Villanueva laguntzaile zituela.