Herritar zaurgarrienek musukoak debalde jaso behar dituztela uste du PSE-EEk
Pentsiodunen, langabeen, errenta baxuko herritarren eta aldi baterako erregulazio txostenengatik kaltetuen artean maskarak bana dezan eskatu diote sozialistek gobernu talde jeltzaleari.
Gaurtik aurrera derrigorrezkoa da maskaren erabilera une oro, jateko eta edateko salbuespenarekin. Horrek eragin dezakeen gastua dela-eta musukoak herritar zaurgarrienen artean debalde bana dezala eskatu dio Hondarribiko PSE-EEko Iosu Alvarez bozeramaileak EAJk osatutako tokiko gobernuari.
Pentsiodunak, langabeak, errenta baxuko herritarrak eta aldi baterako erregulazio txostenengatik kaltetuak izan ditu hizpide sozialistak, eta Espainiako Kontsumitzaileen Elkartearen datuak jarri ditu mahai gainean: “Egunero maskara erabili behar duten bi seme-alaba dituzte familiek, hilero 70 euro eta 155 euro artean bideratu beharko dituzte horretara”. Are gehiago arrisku taldeetako herritarren kasuan, “FFP2 musukoak garestienak baitira”.
Herritar arrunten artean ere gutxieneko maskara kopuru bat bana dezan ere galdegin du sozialistak, eta udalarentzako “gastua baino, inbertsio gisa” ikus dezan eskatu dio EAJri: “Gizartea gero eta babestuagoa egon, pertsona gutxiago infektatuko dira eta gure udalerriak aurrera jarraitu ahal izango du”.