Kultur agenda ez dela "adostua" izan salatu du Abotsanitzek
Udal gobernuak atzo aurkeztu zuen udako kultur agenda "hondarribiarren zati handi bat kanpoan" uzten duela adierazi du herri batzarrak.
Abotsanitz Herri Batzarrak EAJren udal gobernuak plazaratutako udako kultur agenda ez dela “adostua” izan salatu du hedabideetara igorritako ohar batean. Hala baieztatu zuen atzo Txomin Sagarzazu alkateak, baina udal alderdiak argudiatu duenez “adostua ez izatearen ondorioz, kultur ekitaldi gehienak (ia denak) publiko jakin bati zuzentzen zaizkie, eta bai adinez, bai gustuagatik, hondarribiarren zati handi bat kanpoan geratzen da”.
Hortaz, “gezurretan” aritzea leporatu dio udal taldeak alkateari, eta Abotsanitzek udaberrian egindako proposamenari ez diotela “erantzun ere egin” erantsi dute. Ekitaldi sorta, gainera, “eskasa eta landu gabea” dela uste du herri batzarrak, eta larrialdi egoerak iraun bitartean bertan behera utzitako ekitaldiak “lekuz aldatzen” saiatu direla adierazi dute.
Hori horrela, eskaintza “eskasa” izateaz gain, besteak beste, hainbat kultur diziplina programaziotik at geratu direla arrazoitu du udal taldeak, herriko sortzaileekin “guztiz ahaztu” direla, eta gazteentzako alternatiba “bakarra” Psilocybeko taldeen kontzertua dela gehitu dute, “sarrera oso mugatuko eremu batean”. Bertan irakur daiteke alderdiaren oharra bere osotasunean.