Kultur ekitaldiei helduko die berriz ere udalak larunbatetik aurrera
Kasino Zaharra, Erreginaren Baluartea eta Itsas Etxea aukeratu dituzte agertoki gisa, eta kultur eragileen "egoera zein den jakitun izanik", haiekiko konpromisoa berretsi nahi izan du udalak.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak udako kultur agendaren berri eman dute gaur goizean udaletxean egindako agerraldian. Larunbatean eskainiko du berriz ere udalak izurria hasi zenetik lehen kultur ekitaldia, eta egoera ikusita “epe luzera gauzak iragartzea zaila” den arren, kultur eragileekiko konpromisoa berretsi nahi izan dute udal agintariek era horretan.
Erreginaren Baluartea eta Kasino Zaharra kanpoaldean aukeratutako agertokiak izango dira, nahiz eta euria eginez gero Jostaldi pilotalekura lekualdatuko lirateke. Barrualdean egiteko emanaldiak ordea, Itsas Etxean aurrera eramatea erabaki dute. Udal talde guztien eta eragileekin batera adostutako programazioa dela ere gaineratu du Sagarzazuk. Hala eta guztiz ere, argi hitz egin du agintariak: “Programazioa aurrera ateratzen saiatuko gara, baina beti ere osasun neurriak hartu behar badira egoera aldatuko dela kontuan izanda”.
Ildo horretan, koronabirus agerraldi ezberdinak izan ditu hizpide alkateak, eta aurreratu duenez, PCR test masiboak egiteko beharra sortuko balitz, Itsas Etxea eta Jostaldi bera izango lirateke horretarako leku aproposenak. Beraz, osasun egoeraren menpe egongo da une oro udako kultur agenda.
Hamaika ekitaldi
Laurehun aulki prest izango ditu Kasino Zaharrak eta hirurogei Baluarteak publikoa hartzeko, eta Itsas Etxeak bere gehienezko gaitasunaren %60 eskainiko die interesdunei, Silanesek zehaztu duenez. Gainera, espazio irekietan eskainiko diren emanaldiak debalde izango dira, nahiz eta gonbidapenak edo sarrerak Kutxabank-en bitartez edo Arma Plaza informazio gunean eskuratu beharko diren. Banketxeak kobratutako komisioak udalak bere gain hartuko dituela erantsi du arduradunak. Publikoak, bestalde, musukoa derrigorrez jantzi beharko du ekitaldi guneetara sartu ahal izateko.
Hori horrela, Silanesen hitzetan “aurretik hitzartuta genituen kultur ekitaldiak berreskuratu egin ditugu eta egingo dira. Kultura sektorearen egoera zen den jakitun gara, eta horregatik, konpromisoa genuen guztiekin jarduerak aurrera eramango ditugu”.
Hortaz, ondokoa da aurreikusitako kultur plangintza:
- Hilak 18, 22:00etan. Menditour Hondarribia jaialdia Kasino Zaharrean.
- Hilak 19, 08:00etan. Hondarribiko txistu taldearen alborada Alde Zaharrean eta Amute-Kostan.
- Hilak 19, 12:00etan. Meeting Point Ertza taldearen dantza eta antzerki emanaldia Kasino Zaharrean.
- Hilak 23, 20:00etan. Dioses y monstruos antzezlana Kasino Zaharrean.
- Hilak 24, 22:00etan. Bikote bila, zenbat komeri bakarrizketa eskainiko du Alazne Etxeberriak Kasino Zaharrean.
- Hilak 25, 20:00etan. Hondarribia Hiria musika bandaren entsegu irekia Kasino Zaharrean.
- Hilak 26, 08:00etan. Hondarribiko txistu taldearen alborada Alde Zaharrean eta Soroetan.
- Hilak 29, 20:00etan. Euskadiko Gazte Orkestraren (EGO) emanaldia Itsas Etxean. 12 euroan salgai sarrera orokorra eta bost euroan hemezortzi urtez azpikoenak.
- Hilak 30, 22:00etan. Eskifaiaren udako kontzertua, Kasino Zaharrean.
- Hilak 31, 08:00etan. Hondarribiko txistu taldearen alborada Alde Zaharrean eta Puntalean.
- Hilak 31, abuztuak 1,2 eta 3, 20:00etan. Hondarribiko XVIII. Nazioarteko Gitarra Jaialdia Itsas Etxea auditoriumean eta Turismo Paradorean.
- Abuztuak 2, 08:00etan. Hondarribiko txistu taldearen alborada Alde Zaharrean eta Mendelun.
- Abuztuak 6 eta 7, 22:00etan. Zinema kalean mikro jaialdia, Kasino Zahaarrean.
- Abuztuak 9, 08:00etan. Hondarribiko txistu taldearen alborada Alde Zaharrean eta Amute-Kostan.
- Abuztuak 12, 20:00etan. Susana Rallok organo kontzertua eskainiko du parrokian.
- Abuztuak 13, 20:00etan. Psilocybeko taldeen kontzertua Baluartean.
- Abuztuak 14, 20:00etan. Hondarribia Hiria musika bandaren kontzertua Kasino Zaharrean.
- Abuztuak 15, 22:00etan. Familia zinema kalean zikloaren barruan Manou euskarazko filma proiektatuko dute Kasino Zaharrean.
- Abuztuak 16, 08:00etan. Hondarribiko txistu taldearen alborada Alde Zaharrean eta Soroetan.
- Abuztuak 16, 20:00etan. Noa Elvis & The Wooden Heats taldearen emanaldia Kasino Zaharrean.
- Abuztuak 20, 20:00etan. Psilocybeko taldeen kontzertua Baluartean.
- Abuztuak 22, 22:00etan. Quien a hierro mata gaztelerazko filmaren proiekzioa, Kasino Zaharrean.
- Abuztuak 23, 08:00etan. Hondarribiko txistu taldearen alborada Alde Zaharrean eta Puntalean.
- Abuztuak 23, 20:30ean. Aire hemendik! familiei zuzendutako antzezlana taularatuko du Intujai Teatroa taldeak.
- Abuztuak 28, 20:00etan. Fair Play ikuskizuna eskainiko du Kukai Dantza Taldeak, Kasino Zaharrean.
- Abuztuak 29, 22:00etan. Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa (CIMASUB), Kasino Zaharrean.
- Abuztuak 30, 08:00etan. Hondarribiko txistu taldearen alborada Alde Zaharrean eta Mendelun.