Iganderako hauteskundeetarako gomendioak eman ditu udalak
Hauteslekuetan beharrezkoa den baino denbora gehiago ez egitea eskatzen die herritarrei. Modu seguruan bozkatu ahal izango dela jakinarazi du Txomin Sagarzazu alkateak.
Hondarribiarrek modu seguruan bozkatu ahal izango dute EAEko legebiltzarra aukeratzeko igandeko hauteskundeetan. Horrela iragarri du Hondarribiko alkatea den Txomin Sagarzazuk argitaratutako prentsa ohar baten bidez. Udalak atzo sare sozialen bitartez jakinarazi zuen segurtasun neurriak hartuko zirela, eta gaur eman dituzte jakitera hartutako erabakiak.
Gainontzeko herrietan hautesleku aldaketak egon badira ere, Hondarribian ohiko lekuetan bozkatu beharko dute hondarribiarrek. Jostaldi, Itsas Etxea, Mendelu, Amute eta Udaletxea izango dira hauteslekuak. 12 ataletan banatuta eta 21 hautes-mahai egongo dira.
Hondarribiko Udalak hainbat gomendio eta arau argitaratu ditu igandera begira. Hautesleak ez pilatzea da kontutan hartu beharreko helburuetako bat. Horretarako, hauteslekuan soilik bozka emateko beharrezkoa den denbora egitea gomendatzen du udalak. Bertara joan baino lehenago errolda txartelan lokala, atala eta mahaia kontsultatzea eskatzen die herritarrei. Bestetik, deia egiten die hondarribiei dokumentazioa prest eramateko eta aglomerazio orduak saihesteko.
Bestetik, bozka emateko musukoa erabiltzea beharrezkoa izango da. Hauteslekuen sarreran gel hidroalkoholikoa egongo da eskuak garbitzeko. Pertsonen arteko segurtasun tartea errespetatu beharko dela gogoarazi du udalak, eta pertsonekiko kontaktu fisikoa gutxitzea gomendatzen du ere. Horretarako, gutun-azala zein dokumentazioa mahaiburuari zuzenean ez ematea eskatzen da. Dokumentazioaren kasuan erakustearekin nahikoa izango litzake.