"Agur esaten jakin behar da beti, eta ahalik eta hoberen egin dut"
Goi mailako futbolean 300 partida baino gehiago jokatu ondoren, Sandra Ramajo irundarrak futbola uztea erabaki du jokalari bezala. Fundacion Albaceten entrenatzaile lanak egiten hasiko da.
COVID-19aren pandemiak ez dio futbol zelai batean agurtzen utzi, eta horrek amorru pixka bat ematen dion arren oso harro azaldu da Sandra Ramajo irundarra futbolean egindako ibilbideagatik. Elkarrizketan, Albaceten bizitako esperientzia kontatzeaz gain, bere etorkizunari buruz eta bere ibilbideari buruz ere hitz egiten du. Emakumeen futbolak aurrera urratsak ematen jarraitu behar duela uste du, ez dela gelditu behar sortu den olatua.
Zergatik hartu duzu futbola uzteko erabakia?
Azkenean, urte asko dira futbolera jokatzen, eta denboraldi berri bati aurre egiteko prestatuta zauden ala ez hausnartu behar duzula uste dut. Izan ere, denboraldi berri horrek fisikoki zein psikologikoki oso ondo egotea dakar, azken finean gero eta gehiago eskatzen baita gaur egungo futbolean. Horregatik, nire burua zein nire fisikoa prest ikusi behar nituen, eta horri hainbeste urte jolasten egoteak dakarren nekea gehitu behar nion. Gainera, hori guztia egokitu zaigun pandemia honekin elkartu da, eta ondorioz, liga ohikoa dena baino lehenago amaitu behar izan genuen. Horrek amorru pixka bat eman zidan futbol zelaian agur esaterik ez izateagatik, baina ezin nuen horregatik gidatzen utzi, baizik eta gainean nuen neke horregatik. Ondorioz, nire buruak buelta asko eman zizkion arren, futbolarekin zerikusia duten beste helburu batzuk bilatu nahi nituen.
Behin futbola utzita, zer egingo duzu etorkizunean?
Fundacion Albaceteren bigarren taldean hasiko naiz. Bigarren entrenatzaile gisa aritzea eskaini zidaten, eta ilusioa egiten dit horrek. Aurten, jokalari izateaz gain, benjamin-aurrekoak ere entrenatu ditut, baina bigarren talde batera pasatzeak berekin dakar lehen taldera iristeko irrikaz dauden eta helburu handiak dituzten neskekin egotea, eta horregatik ilusio handia egiten dit. Hala ere, argi daukat, oraindik hasiberria naizenez, esperientzia irabazi behar dudala eta horregatik hasiko naiz behe-behetik. Badakit nire bizitzan lan egin behar dudala, eta hori ere futbolari gisa egin behar izan dut, lehen nesken futbolean ez baitzeuden gaur egun dauden baliabideak. Bestalde, futbolaz aparte ez nuke arazorik izango erizaintzako laguntzaile gisara lan egiteko, hori ikasi baitut eta esparru horretan lan egitea asko gustatzen zaidalako, pertsonak zainduz eta pertsona horiei behar dutena ematen saiatzen.
Zer moduz joan da azken urtea Fundacion Albaceten?
Egia esan, beldurrez nindoan. Lehenengo hilabeteak pixka bat gogorrak izan ziren, azkenean hemengo bizitzara ohitua nengoelako. Zaila izan zen hasieran niretzat oso erabaki gogorra izan zelako Reala uztea, eta aldaketa horiek denbora daramate ohitu arte. Dena den, ez nuen espero hain babestuta sentituko nintzenik, lehen egunetik nitaz hainbeste kezkatuko zirenik eta erraztasun asko izan nituen hirira egokitzeko. Albacetek ez du Gipuzkoarekin zerikusirik, baina xarma berezia du. Bertako jendea oso jatorra da eta itzuli nahi izateak asko dio Albaceteri buruz.
Aldaketa handiak nabaritu dituzu Fundacion Albacete eta Realaren artean?
Bai, nabaritzen da. Reala, Europan borrokatzen duen taldea da, izen handikoa. Lehen Mailan dago borrokan goiko taldeekin, eta bai sozialki, bai kirolari dagokionez, klub handiagoa da. Baina Albacete, nahiz eta klub apalagoa izan, jokalariengatik dena ematen dute eta hori ondo etorri zait futbolak duen beste egoera bat bizitzera eraman nauelako utzi aurretik.
Non hasi zen zure futbolerako interesa?
Etxetik dator dena. Aita oso futbolzalea zen eta izaten jarraitzen du, eta milaka aholku ematen dizkizun horietakoa da. Baina pertsona batekin geratu beharko banu, nire ahizparekin izango litzateke. Bera izan zen futbolera jokatzera bultzatu ninduena, ni baino bi urte zaharragoa delako eta nik jolasten ikusten nuelako. Bera ere futbolaria izan da, Mariñoraino iritsi zen eta gero, aurreko lokailu gurutzatuko lesioa izan zuen, niri karrerako azken urteetan bizitzea tokatu zaidan lesio berbera hain zuzen ere. Azkenean, ez da gauza bera mota horretako lesio bat izatea Reala bezalako sostengu ekonomikorik eta baliabiderik ez duen talde batean zaudenean, eta kosta egin zitzaion bueltatzea. Hala ere, itzultzea lortu zuen, baina futbola utzi behar izan zuen azkenean.
Behintzat berarekin jokatzeko aukera izan zenuen, eta zure herriko taldean gainera.
Bai, eta oso polita izan zen, niretzat nire ahizpa nire erreferentea izan delako. Gaur egun, zorionez, neskek beren erreferenteak dituzte, liga telebistan ematen delako, elastikoak saltzen dituztelako edo beren kromoak eros ditzaketelako. Neskek futbolariren baten antza izan nahi badute, erreferentziak dituzte eta gaur egungo futbolariak motibazio iturri izan daitezke futbolean hasten ari diren neskentzat, baina garai hartan nire erreferentea nire ahizpa izan zen. Ia bost urte elkarrekin jokatu genituen, eta oso polita izan zen.
Nola gogoratzen duzu Realak zu fitxatzeko eramandako prozesua?
Nire azken urtean, Mariñon, Gipuzkoako zenbait jokalariri proba bat egitera deitu gintuzten Realetik, eta denboraldia amaitutakoan, Garbiñeren [Etxeberria, Realeko emakumeen taldeen koordinatzailea] deia jaso nuen, hurrengo denboraldian Realean jokatzeko aukera eman zidan. Egia esan, ez nuen sinesten, gurasoek ere ez, eta gogoratzen dut oso une polita izan zela nire ametsa betetzen nuelako.
Garai hartako baliabideek ez dute zerikusirik gaur egungoekin…
Hala da. Emakumezkoen futbola asko hazi da azken urteetan. Argi dago urrats handiak ematen ari direla, baina bistan denez, oraindik oztopo asko daude gainditu gabe, eta gauza asko hobetu behar dira, baina ez da gezurrik esan behar. Kontua da duela bost urte nesken futbolak eztanda bat izan zuela, nolabaiteko interesa zuelako-edo askorentzat. Orain urte batzuk ez zegoen kontraturik, ez soldatarik, ez talde profesional handirik emakumezkoen taldeak zituztenik (Real Madril, adibidez), eta horrek aurrera egiten jarraitu behar du.
Reala ere hazten joan da emakumeen futbola…
Bai, nire ustez, Realaren bilakaera parekatua joan da emakumezkoen futbolaren bilakaerarekin. Ez da izan lehen urteetatik hor egon den kluba, baina emakumezkoen futbolak gora egin ahala, Realak ere eman ditu pauso horiek. Jakin badakigu oraindik klub batzuetan jokalarien baldintza ekonomikoak, babesleak eta gainerakoak ez direla onenak, baina Reala ez da atzean gelditu zentzu honetan. Reala emakumezkoen futbolaren hazkunde horretara egokituz joan da kontratuekin, soldatak igoz, kanpoko fitxaketak eginez, Anoeta irekiz, nesken kamisetak salduz… Pauso txikiak ematen joan da, eta, nire ustez, lan oso ona egin duen klubetako bat izan da.
11 denboraldi pasa zenituen zuk Realean. Nola baloratzen duzu etapa hori?
Oso une desberdinak bizitzea tokatu zait, eta une horiekin hazi eta ikasi dudala uste dut. Orain Realean daudenek klubaren une on bat bizitzeko zortea dute, baina hemendik urte batzuetara oraindik une on horiek gehiago izatea espero dugu. Azkenean, jokalari bakoitzak bere urratsak egiten ditu bere bidea egiteko, norberak bere ekarpena egiten du Realak aurrera egin dezan. Zorionekoa sentitzen naiz, nik ahal izan dudan guztia eman baitut Reala une honetan dagoen bezala egon dadin, eta orain telebistan ikusten ditudanez, partidak beste jarraitzaile bat bezala bizitzen ditut.
Zer suposatu zuen zuretzat Granadan Erreginaren Kopa altxatzeak?
Amets bat betetzea izan zen. Reala agurtu nuen egunean esan nuen espero nuela agur hori Kopa altxatzen izatea, eta hala izan zen. Gainera, 20 urte nituela, elkarrizketak egin zizkidaten, eta nire ametsei buruz galdetu zidatenean ordurako esaten nuen Kopa bat irabaztea zela buruan nuen amets horietako bat. Garai haietan, ligan lehen zortzien artean sartzea kostatzen zitzaigun, eta handik Erregina Kopa bat irabaztera pasatzea izugarria izan zen. Ez daukat hitzik une hori nola bizi nuen deskribatzeko, baina gogoratzen dudan bakoitzean sekulako emozioa nabaritzen dut. Izugarria izan zen.
Agur hobeago bat izatea ezinezkoa da.
Egia esan, horrela da. Gainera, Atletico Madril bezalako talde indartsu baten aurka galtzen hasteak, eta markagailuari buelta emanez irabaztea izugarria izan zen. Bai Granadako ospakizuna, bai Gipuzkoako herri guztietan egin ziguten omenaldia niretzat bukaera ezin hobea izan ziren.
Zergatik hartu zenuen Reala uzteko erabakia?
Azkenean, klub batean urte asko daramatzazunean, zure bizitzako kluba izan arren, desgaste bat sortzen da, eta gainera ni lesio larri batetik bueltatzen ari nintzen pixkanaka. Zure azken urteetan horrelako lesioa izateak, futbol zelaietatik denbora asko aldentzen zaitu eta ni ez nintzen inoiz hainbeste denboraz taldetik baztertuta egon. Orduan, urte gogorra izan zen alde horretatik, baina baita polita ere, taldea oso ondo jokatzen ari zelako eta Kopa irabazi zuelako.
Balantzan jarri nituen gauza horiek guztiak, eta nire ustez Reala beste pausotxo bat aurreratzen ari zen, jokalari gazteak indartsu zebiltzan, eta nik ikusten nuen Realak ni gabe ondo funtzionatzen zuela. Horregatik, nahiz eta Realari asko eskertzen diodan jarraitzeko eskaintza egin izana, alde batera pauso bat eman behar nuela sentitu nuen eta niretzat onena zena erabaki behar nuela. Horregatik utzi nuen Reala. Ez zen arrazoi bakarra izan, arlo asko hartu nituen kontuan.
Ez zen erabaki erraza izango. Gogoeta sakona egitea eskatuko zizun horrek.
Ez, hala da. Azkenean nire bizitzako taldea delako, txikitatik Realekoa izan naizelako eta nik talde horretara iristeaz gain, talde horrekin batera haztea lortu nuelako. 20 urterekin iritsi nintzen eta 31 urterekin alde egin nuen, eta nire bizitza profesionaleko nahiz pertsonaleko alderdirik garrantzitsuenak Realean bizi izan dut, eta gauza asko eman dizkit. Horregatik, kluba uzteko erabakia hartzea, beste leku batean zortea probatzeko, ez zen erabaki erraza izan inondik inora ere. Baina agur esaten jakin behar da beti, eta nik ahalik eta modurik onenean egin nuen, Realari bertan bizitu dudan guztia bizitzeko aukera eskertuz.
Zein pauso emango zenituzke emakumezkoen futbolak hazten jarrai dezan?
Hedabide zein sare sozialetan garrantzia ematen jarraitzea, jokalariei balioa ematea eta mundu guztiak norabide berean arraun egitea. Zelaiak irekitzen jarraitzea neurri ederra dela uste dut, jokalariek kontratuak izaten jarraitzea ezinbestekoa da, eta batez ere, jokalariei ahalik eta laguntza handiena eta hazten jarraitzeko tresnarik onenak ematea garrantzitsua da.