Puianak bidegorri berria izango du
Gaur bertan hasi dira 340 metroko luzera izango duen bidea eraikitzen. Puianako bidegurutzea Eskualdeko Ospitalearekin lotuko du bidegorriak.
Puianak bizikletentzako bide berria izango du. Udaleko Obra eta Mugikortasun sailak jakinarazi berri duenez, gaur bertan hasi dira bidegorri berria eraikitzen. Lanak hiru hilabetean amaitzea aurreikusi du udalak, eta horretarako, 105.455,72 euroko inbertsioa egingo dute.
Bidegorri berriak 340 metroko luzera izango du, eta Puianako bidegurutzea Eskualdeko Ospitalearekin lotuko du. Lehen zatian, biribilgunetik aterata, espaloiaren gainetik joango da bidegorria (oinezkoen pasabideaz gain). Bigarren zatiak aldiz, egungo berdegunearen zati bat hartuko du, ospitalera iritsi arte (200 metro luze gutxi gorabehera). Bigarren zati horrek argiztapen berria ere izango du, 4 metroko altuera duten Led sistemako argiekin egokituko dute.