«Lan istripuak ez dira gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat»
Joan den astean auto istripu batean hildako langilea gogoratu dute gaur sindikatuek, Mendeluko biribilgunean egindako elkarretaratzean.
Joan den asteko langilearen heriotza salatzera atera dira gaur sindikatuak eta zenbait langile. Mendeluko biribilgunean bildu dira, lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea lelopean. ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deitu dute gaurko mobilizazioa.
«Hauteskunde atarian gauden honetan, exijitzeko garaia da. Zein aldaketa eta zein pausu emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko? Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak ekonomia, eredu zehatz bateko lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira», adierazi dute amorruz gaurko elkarretaratzean.