1920ko hamarkadara bidaia, 18 zentimetrotan
Hirugarren '18 cm' erakusketarako dena prest dute antolatzaileek. Hilaren 15etik aurrera aurkeztu daitezke artelanak.
Uda honetan ere ’18 cm’ erakusketa bereziaz gozatzeko aukera izango dute irundarrek. Hirugarrenez jarraian, Amaia Kultur Zentroa hiriko artisten erakusleiho bilakatuko da abuztu eta iraila bitartean. Amateurrak, esperientziadunak, profesionalak… Denek izango dute txoko bat aurtengoan ere.
Marrazkia, serigrafia, argazkia, eskultura, ikus-entzunezkoa… Askotariko lanak aurkeztu ahal izango dira, baina guztiek berezitasun bat izango dute: lanek 18 zentimetrokoak beharko dute izan, hori da egitasmoaren berezitasun nagusia.
Gaur aurkeztu dute egitasmoa Ricardo Catalan eta Ana Zubikoa sortzaileak, Juncal Eizagirre ordezkariarekin batera, udaletxean egindako agerraldian. Bertan azaldu dutenez, aurtengo gaia 1920ko hamarkada izango da, beraz, lan guztiek garai horrekin lotura izan beharko dute.
Lanak aurkezteko epea hilaren 15etik 30era bitarte izango da. Amaia KZn entregatu beharko dira. Erakusketa aldiz, abuztuaren 21etik irailaren 6ra bitarte zabalduko dute.
Saridunek, gainera, honako sariak jasoko dituzte: 180 euroko erosketa bonua (Donostiako Tamayo liburudendan xahutzeko) eta bi opor kutxa.