[Erreportajea] Bide luzean berriro lagun
Konfinamendu luze baten ostean Irungo Harrera Sarea berriro kalera atera da. Harrera lanak berreskuratu dituzte, baina egungo egoerari egokituta, osasun neurri guztiak kontuan hartuta.
Irungo Harrera Sareak San Juan plaza hartu du berriro. Ia lau hilabetez harrera lanak etetera behartu ditu COVID-19aren gaitzak, baina dagoeneko euren eguneroko jardunera itzuli dira boluntarioak. Orain bi aste jarri zuten plazako leku enblematiko bilakatu den harrera gunea, berriro migratzaileen eskuetara jarri dituzte bitarteko guztiak.
Azken urteetako jardun berbera berreskuratu dute harrera sareko kideek, baina egungo egoerari egokituta, noski. Udaletxe aurrean harrera egiten hasi dira, taldeko kide Josune Mendigutxiak azaldu duen bezala, «osasun neurriak kontuan hartuta». Maskararekin aritzen dira boluntarioak, eta plazako mahai eta aulkiak etengabe desinfektatzen aritzen dira. Ondoren, Belaskoenea auzoko aterpera bideratzen dituzte, guztien arteko distantziak mantenduz. «Migratzailea artatu eta aterpera eramateko prozesu hori azkar egiten saiatzen gara. Distantzia mantentzen dugu, eta ez dugu inorekin inolako kontakturik. Migratzaileen eta boluntarioen segurtasuna bermatzea funtsezkoa da harrera lanak egin ahal izateko».
Oso kezkati daude boluntarioak egoera berriarekin. Aurreko bi urteetan bezala, udan mugimendua espero dute, eta boluntario zein migranteen osasuna bermatzea lan handia izango dela badakite. «Milaka migratzailek Espainiako Estatuan pasa dituzte konfinamendu hilabete hauek, eta ia denak hemendik pasako dira. Horrek dispositiboak gainezka egitea ekar dezake. Oso kezkatuta gaude datorren egoerarekin, ez dakigu nola egingo diogun aurre», gehitu du sareko kideak.
Egoera zaila bada, aterpetxearen neurri berriek arazoa handiagotu dezaketela iritzi dio sareko kideak. Izan ere, koronabirusagatik dispositiboa aldatu du Gurutze Gorriak: binaka sartzen dira orain, ordu erdiro bi lagun, eta horrek boluntarioen lana zailtzen duela dio sareak. «Orain arte 100 ohe eskuragarri izan ditu aterpetxeak, baina orain soilik 30 plaza eskaintzen hasi dira. Ni aterpean izan naiz eta uste dut 50 pertsona erraz sartzen direla bertan, neurri eta distantzia guztiak mantenduz noski. Traba pila bat jartzen ari dira. Ulertzen dut egoera zein den, larritasunaz kontziente gara. Baina ez dute migranteek ordaindu behar», erantsi du.
Azken salaketa
Kalera itzuli diren lehen asteetan jada ohiko arazoekin egin dute topo sarekoek. Joan den astean haurdun dagoen emakume bat eta haren gizonezko bikotekidea kalean utzi zituztela salatu berri dute publikoki. «Emakumea gaixo zegoen gainera, ikaragarria da, ez da hau gertatzen den lehen aldia». Zorionez, udalak pentsio batean lo egiteko aukera bermatu zien biei, goizeko ordu txikiak arte boluntarioak borrokan aritu ostean.
Bikotearen kasua, tamalez, ez da azken egunotako bakarra izan. Aurreko astean ere bost lagun kalean geratu zirela kontatu du, amorruz, Mendigutxiak, baldintzak betetzen ez zituztela argudiatuta. «Benetan baldintzak zeintzuk diren ez dakigu, Irungo Gurutze Gorriak gauza bat esaten du, eta Gipuzkoakoak kontrakoa». Maiz salatu du harrera sareak ez dituztela kasu guztietan baldintza irizpide berberak aplikatzen, aspalditik datorren kontua dela diote haserre. Horregatik baldintza horiek guztiak alde batera uzteko exijitu dute.
Aterpetxearen aferak luze jarraituko du. Egoera okertuz gero, hau da, migranteen jarioa zeharo handitzen bada, egunero 30-40 lagun kalean gera daitezkeela aurreikusi dute boluntarioek, «egoera erabat jasanezina» bilaka daitekeela o