Aireportuak hegaldi komertzialak berreskuratu ditu
Larrialdi egoera ezarri zenetik atzo lurreratu zen Madrildik iritsitako lehen hegazkin komertziala.
Hondarribiko aireportuak hegaldi komertzialei ekin zien atzo berriz ere, ia lau hilabeteren ondoren. Osasun larrialdi egoera ezartzearekin batera hegaldi komertzialak eten behar izan zituzten Air Nostrum eta Vueling konpainiek, eta bigarrenak momentuz Bartzelonarekin hegaldiak berreskuratu ez dituen arren, lehenak Madrilekin lotura egin zuen atzo berriro.
Hala, Air Nostrumek asteartean, ostegunean eta larunbatean eskainiko ditu hegaldiak, egunean behin hilaren 16ra bitartean. Data horretatik aurrera egunero egingo du lotura Iberiaren menpeko konpainiak. Vuelingek, bestalde, hainbatean atzeratu du hasiera data, eta azken informazioen arabera, hilaren 13tik aurrera egunero egingo du lotura Herrialde Katalanetako hiriburuarekin.