Santano: "Asteartean gertatutakoa salbuespenezko kasua izan da, eta zoritxarrez irudi mediatiko bilakatu da"
Ekainaren 30ean (asteartea) Irungo Legia kaleko hiru tabernetan gertatutakoaren gainean aritu berri da Jose Antonio Santano alkatea. Ehunka lagunek bete zuten kalea, inongo distantzia eta maskararik gabe, eta bertan grabatutako bideo batek hautsak harrotu ditu.
Ekainaren 30ean (asteartea) Irungo Legia kaleko hiru tabernetan gertatutakoaren gainean aritu berri da Jose Antonio Santano alkatea. Ehunka lagunek bete zuten kalea, inongo distantzia eta maskararik gabe, eta bertan grabatutako bideo batek hautsak harrotu ditu. Sare sozialetan sekulako hedapena izan du bideoak, auzotarren artean eztabaida eraginez.
Bada, alkateak, honakoa esan berri du: “hain azkar hedatu diren irudi hauek ez dute azken egunotan irundarrek San Pedro eta San Martzial jaiak ospatzeko izan duten modu eredugarria islatzen. Asteartean gertatutakoa salbuespenezko kasua izan da, eta zoritxarrez irudi mediatiko bilakatu da. Denek deitoratu eta gaitzesten dugu”, esan du Santanok.
Azken asteetan hiriko auzo elkarte zein ostalariekin bildu direla nabarmendu du alkateak, astearteko irudiak ekiditeko asmoz. Hiriko zenbait gune handitu dituztela gogoratu du, pilaketa handiak ekiditeko. Era berean, adierazi du ezin direla ostalaritzako ordutegia zein kaleko sarrerak mugatu. Gainera, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren dispositibo berezi bat horrelako pilaketak eta debekatutako ekintzak jarraitzen aritu dela nabarmendu du Santanok, eta beharrezkoa izan denean eskua hartu dutela.
Legia kaleko masifikazioan udaltzainek ez interbenitzeko hartutako erabakia txalotu du alkateak, interbentzioak “ondorio kaltegarriak eragingo” zituela argudiatuta. “Aztertu behar da zer suposatuko lukeen poliziaren interbentzio batek orduan, hainbeste gazte daudenean, festa baten erdian, alkohola medio”, erantsi du alkateak. Gainera, poliziaren interbentzioak “ihesaldiak eta liskarrak” eragingo lituzkeela uste dute udal gobernuko kideek. Horregatik herritarrei erantzukizunez jokatzeko deia egin die berriro Santanok. “Ez naiz horrelako interbentzioen aldekoa, eta beste behin diot, norbanakoen erantzukizuna funtsezkoa da”.