Udararako egindako kultur proposamenak ez duela erantzunik jaso dio Abotsanitzek
"Eragileek azalpen bat" merezi dutela uste du udal taldeak, Kultur departamentuak "ez baitu aztertu ere egin" udal alderdiak uztailera eta abuztura begira egindako proposamena.
“Eragileek azalpen bat merezi dute”. Hala eskatu dio Abotsanitz Herri Batzarrak Hondarribiko EAJren udal gobernuari udarara begira aurkeztutako kultur proposamena aztertu ere egin ez duela leporatuta. “Uztaila iritsi da, normaltasun berrian sartu gara, eta erantzunik ere ez”, erantsi dute kideek.
Abotsanitzek proposatutako “kultur leherketa” eragileekin batera adostuta zegoen, eta udal alderdiaren adierazpenen arabera, denboraz aurkeztu zuten (apirilean lehen proposamena eta maiatzean ekarpenekin osatutakoa), “landuta” zegoen eta gobernu taldeari “lana errazten” zion. Izan ere, hemezortzi programa biltzen zituen proposamenak, Abotsanitzen arabera, “dozenaka kontratazio kultur sektorea pizteko, ostalaritza eta merkataritza arloetan eraginez gainera”. Areago, ordutegiak, guneak, aurrekontuak, osasun gomendioak betetzeko protokoloak… aurkeztu zituzen alderdiak proposamen sortarekin batera.
Abotsanitzek EAJren tokiko gobernuaren jarrera deitoratu du, “laguntzeko egin genuen, borondate onez eta arduraz. Ez beraien programazioa ordezkatzeko, osatzeko baizik”. Baina hala eta guztiz ere, maiatzaren 29an egindako bilera birtualaren ondotik ez dutela ezer gehiago jakin salatu du taldeak. Hortaz, kultur eragileei azalpenak ematera gonbidatu du Abotsanitzek gobernu taldea, “Kultur departamentua sektoreaz zergatik ahaztu den jakin nahiko dute”.