'Zero zabor uretan' kanpaina abiatu du Mater Museoak Hondarribian
Itsasoko hondakinen inguruan sentsibilizatzeko kanpainari hasiera eman dio gaur Mater Museoak 'Zaborrik hoberena, sortzen ez dena' lelopean. Ostiralera arte egongo da ontzia Hondarribian.
Itsasoan bukatzen duten hondakinen %80 lehorrean sortutakoak dira. Hala ezagutarazi du gaur goizean Hondarribiko kai berrian Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren zuzendari Izaskun Suberbiolak, eta beste hainbat eragilek, Zero zabor uretan azken sentsibilizazio kanpainaren aurkezpenean. Euskal kostaldeko portuak zeharkatuko ditu Mater-ek ostiraletik aurrera, Hondarribia utzi ondoren, eta kanpainari bukaera emateko prest Pasaiara itzuliko da, azkenik, hilaren 22an.
Zaborrik hoberena, sortzen ez dena lemapeko kanpainaren baitan, hainbat jarduera aurrera eramango ditu ontzi museoak arazoa ezagutarazteko, herritarrek parte hartzeko eta azkenik, haien inplikazioa lortzeko. Hortaz, ontzi museora bisitak, itsasertzean garbiketak portuan oinez, hondakinak arrantzatzeko irteerak, edota portuko urpeko garbiketak (Getaria eta Mutrikun soilik) egingo dituzte parte hartzaileek Mater-en eskutik. Hala ere, COVID-19 gaitzaren aurrean hartu beharreko segurtasun neurriak medio, aldez aurretik hitzordua hartzea ezinbestekoa izango da posta elektroniko bidez edo 619 814 225 telefonora deituta.
Horrez gain, #EKINZeroZaborUretan traola martxan jarri du museoak Hondakinak Sahiesteko Ideia Lehiaketa gauzatzeko helburuarekin. “Ideia eraldatzaileak” bildu nahi ditu ontziak era horretan, eta lehiakideen artean, itsasora lau lagunentzako irteera izango da saria. Oinarriak bertan kontsulta daitezke.
Azkenik, herritarrak inplikatzeko asmoz, barkuan boluntario gisa lagundu nahi duten pertsonak edota nabigazio kolaboratiboak egiteko prest daudenak ere bildu nahi ditu Mater-ek. Horretan izena eman nahi dutenek aurretik aipatutako kanalen bidez egin beharko dute.
Erakunde ezberdinen inplikazioa
“Itsasoko zaborrak dakarren mehatxua nabarmentzea eta herritarrek beren ingurumen hurbilena aktiboki kontserbatzeko inplikazioa” piztea ezinbestekotzat jo du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidrauliko diputatuak agerraldian. Areago, uretan dauden plastikoen arazoak ez diela soilik itsasoei eragiten ere ohartarazi du arduradunak: “Gure ekosistemei eta pertsonei ere eragiten die, arraina jatean mikroplastikoak ere hartzen baititugu”.
Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak bere aldetik, koronabirusak eragindako osasun hondakinak izan ditu hizpide, iazko datuekin alderatuta, martxotik hona %400 hazi direla zehaztu baitu. “Ezin dugu onartu koronabirusaren aurka babesten gaituzten eskularruak eta maskarak natura ingurunean edo itsasoan amaitzea”, erantsi du.
Hainbat erakunde eta eragileren artean abiatutako kanpaina da Zero zabor uretan, eta Eusko Jaurlaritzako eta Diputazioko ordezkariez gain, aurkezpenean ere izan dira, besteak beste: Ander Aizpuru Kutxa fundazioako zuzendaria, Natalia Mendez Libera proiektuko SEO Birdlife-eko EAEko ordezkaria, eta Juan Luis Silanes Hondarribiko Ingurumen zinegotzia.