"Berdintasuna bermatuko duten jai horietatik atzo baino gertuago gaude gaur"
20 urte dira San Martzial egunean talde politiko guztiek elkarrekin ekitaldi instituzional batean parte hartu zutenetik. Alarde bakarra lortzeko pauso garrantzitsu gisa definitu du EH Bilduk atzoko irudia.
Irungo EH Bilduk San Martzial eguneko botoaren gaineko inpresioak elkarbanatu nahi izan ditu irundarrekin. “EH Bilduk Alarde bakarra, publikoa eta parekidea nahi duela aldarrikatu du urteetan. Aurtengo botoa, helburu hori lortzeko bide berri baten sorrera izatea nahiko genuke, eta atzokoa, bertan emandako lehenengo pausoaren irudia”, diote taldetik.
Atzoko ekitaldia berezia izan zela aitortu dute. Izan ere, 20 urte igaro dira San Martzial egunean talde politiko guztiak elkarrekin, udaletxeak antolatutako ekitaldi batean parte hartzen ez zutela.”Ea hurrengo urtean, Alarde berdinean elkar topatzen dugun, EH Bildutik horretarako lan egingo dugu, gogoz eta ilusio handiz”.
Irun jai parekideak izateko prest dagoela nabarmendu dute, baita taldeko kideak ere. “Gaur berdintasuna bermatuko duten jai horietatik, atzo baino gertuago gaude”, gehitu dute.