Bandera horia jarri dute hondartzan eta "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu du udalak
Kutsadura motaren gaineko argibide gehiagorik eman gabe, bainu "azkarrak" hartzera eta ondoren hondartzan bertan "dutxa hartzera" deitu du udalak.
Bainua debekatu zuen atzo Hondarribiko Udalak uraren kalitatearen gaineko azterketek balio “ez onargarriak” ezagutarazi ondoren. Uraren Euskal Agentziak (URA) eta Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer) kutsadura neurtzeko atzo bertan hartutako laginen emaitzak ezagutarazi ditu udalak, baina ez du zehaztu zein den ur kalitatearen maila bainatzeko debekura arte eraman duen arrazoia.
Hortaz, kutsadura motaren gaineko argibide gehiagorik gabe, bandera horia ezarri dutela jakinarazi du tokiko gobernuak bainulariek “zuhurtziaz” joka dezaten. Horrez gain, bainu “azkarrak” eta ondoren “dutxa hartzea” gomendatu dute, “hondartzako azpiegituretan erabilgarri dauden dutxetan bertan”.