"Mugikortasun arazo jasanezina" du Mendeluk, Balaztak egindako ikerketaren arabera
Hilaren 14ean neurtu zuen elkarteak Mendelutik igarotako bizikleta kopurua, baita txirrindularien eta oinezkoen iritziak bildu ere, eta esku hartzera premiatu du udala. Datozen asteetan CO2 isurketak neurtuko ditu auzoan.
Balazta bizikletaren aldeko Bidasoko elkarteak txirrindularien kopurua neurtu zuen Mendelu auzoan, hilaren 14ean bere kabuz aurrera eramandako ikerketan. Galdeketa burutu zuen ere elkarteak oinezkoen eta txirrindularien artean, eta “mugikortasun arazo jasanezina” existitzen dela ondorioztatu du gaur plazaratutako txostenean ezagutarazi duenez. Balaztak neurriak hartzera premiatu du udala.
Goizeko 07:00etatik gaueko 22:00ak arte garatu zuten zenbaketa Balaztako boluntarioek, eta datu esanguratsuak plazaratu dituzte, esaterako, hamabost orduan 2.667 bizikleta igaro zirela bertatik. Are esanguratsuagoa da elkartearentzat datua kontuan izanda ez zuela hondartzara joateko eguraldirik egiten, “non bizikleta kopurua nabarmen handituko zen”. Gainera, Letxunborro hiribidetik bidegorri berrirantz desbideratzen ziren erabiltzaileak ere antzeman zituztela adierazi dute: “Tamalgarria eta ulertezina da bizikletek bi kilometro inguruko itzulinguru bat egin behar izatea, auzotik ez igarotzeko eta modu seguruan zirkulatu ahal izateko, eta autoek ez egitea”.
Aipatutakoaz gain, Amuteko bidegorri berrian finkatutako kontagailuak beste 1.154 bizikleta zenbatu zituen egun berean. Kopuru hori Mendelu auzoan eskuz zenbatutakoei gehituta, 4.000 joan-etorri inguru egin zirela bizikletaz Hondarribia eta Irun artean egun osoan zehar dio elkarteak.
Oinezkoei dagokienez, Irunera zein Hondarribira bidean “Amuteko kontagailuak erregistratutako datuak kontuan hartuz gero, oinezkoen pasabideak bizikleten pasabidearen datua bikoiztu dezakeela kalkula daiteke”.
Inkestak
Oinezkoen zein txirrindularien iritzia biltzeko 120 inkesta burutu zituen Balaztak igandean, %68 oinezkoak eta %32 txirrindulariak. Zerotik hamarrera (oso txarretik ezin hobera) bitartean nota jartzeko aukera izan zuten inkestatuek, eta emaitzen arabera, trafikoaren egoerari 2,7ko batez besteko nota jarri zioten; oinezkoen eta txirrindularien segurtasunari 1,9; azpiegiturari 1,8; eta udalaren esku-hartze beharrari 9,0 (zeroak premiarik ez dagoela adierazten du).
Egoera ikusita datozen asteetan CO2 eta gainontzeko gas isurketak neurtuko dituztela jakinarazi du Balaztak.