Hamabosgarren Jose Antonio Loidi beka, martxan
Aurtengo onuradunek ere 9.000 euro jasoko dituzte ikerketa lana egiteko. Antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia edo botanika bezalako esparru bat aukeratu beharko dute lanerako.
Jose Antonio Loidi ikerketa bekak dena prestu du hamabosgarren ediziorako. Irungo Udalak dagoeneko deialdia egin du, interesa duten guztiek izena eman dezaten. «Beka honek omenaldi bat izan nahi du adopzioz eta bihotzez bidasoarra zen Jose Antonio Loidi ospetsuarentzat, orain 21 urte gure artetik joan zena, eta euskaraz egindako ikerketa suspertu eta bultzatu nahi du hainbat esparrutan», azaldu du Euskara saileko ordezkari Monica Martinezek. Beka jasotzen dutenek ondorengo esparru hauetako bat aukeratu beharko dute: antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika, Loidik bizitzan zehar landutakoak.
Proiektu edo azterlana euskaraz egin beharko da, eta bekaren iraupena 12 hilabetekoa izango da. Bitarte horretan, 9.000 euro gordin jasoko ditu onuradunak. Ikerketak, nola ez, originala eta argitaratu gabekoa beharko du izan.
Norbanako edo talde gisa eska daiteke beka, unibertsitatean graduatuak, lizentziatuak edo euskara C1 maila duten irundar guztiek. Ikerketa proposamenak edo aurreproiektuak aurkezteko epea, ordea, urriaren 2an amaituko da. Bekaren gaineko informazio eta xehetasun gehiago, esteka honetan eskuragarri.