Baldintzatuta bada ere, bainu egokitua eskainiko dute azkenean hondartzan
Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak Oztoporik Gabeko Bainua programa bertan behera utzi ondoren, Gurutze Gorriarekin elkarlanean eskainiko du zerbitzua udalak.
Bainu egokitua eskainiko du azkenean udara honetan Hondarribiko hondartzak. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak Oztoporik Gabeko Bainua programa bertan behera geratuko zela ezagutarazi ondoren, Gurutze Gorriak eta Hondarribiko Udalak elkarlanean eskainiko dute zerbitzua, Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak jakinarazi duenez. Hori bai, osasun krisiari egokitutako zerbitzua izango da aurtengoa, “egoerak erabat baldintzatua”.
Zabaldutako xehetasunen arabera, erabiltzaileek derrigorrez aldez aurretiko hitzordua finkatu beharko dute, 672 609 614 telefono zenbakira deituz. Gurutze Gorriak argibide batzuk emango dizkio bainulariari, baita haren inguruan COVID-19 gaitzak izandako eraginaren gaineko zenbait galdera egin ere.
Maskararen erabilera ere halabeharrezkoa izango da erabiltzaile zein zaintzaileentzat. Erabilera bakoitzaren ondoren aulki anfibioa desinfektatua izango da, plazaratutako informazioaren arabera, ezinbestekoa izango da lau orduko tartea gordetzea bainularien artean. Hortaz, bi zerbitzu eskaini ahal izango direla goizean eta beste bi arratsaldean zehaztu dute Larrartek eta Gurutze Gorriko Julen Sanchezek. Gainera, bainuek hamar eta hamabost minutu arteko iraupena izango dute.
Eskertuta agertu da Larrarte Gurutze Gorriarekin, eta aurtengo uda “arraroa” izan arren, “egon diren era guztietako ezeztapenen barruan, aurtengo udan baino egokituaren zerbitzua Gurutze Gorriari esker eskain dezakegu”.