"Adostutako" Plan Orokor batean lanean hasteko eskatu dio PSE-EEk EAJri
Sententzia ez errekurritzeko eskatu dio Iosu Alvarez bozeramaile sozialistak Txomin Sagarzazu alkateari, baita plan berria "tokiko ekonomia eredua dibertsifikatzeko ardatza izatea" ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Juztizia Auzitegi Gorenak Hondarribiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) baliogabetu izanak hautsak harrotu ditu udal alderdien artean. Hondarribiko PSE-EEren udal taldeak ere iritzia eman nahi izan du komunikabideetara igorritako ohar baten bidez, eta sententzia “errespetatzeko” eskatzeaz gain, “adostutako” Plan Orokor batean lanean hasteko unea dela adierazi diote EAJren udal gobernuari.
Zentzu horretan, plan berria “tokiko ekonomia eredua dibertsifikatzeko ardatza izatea” eskatu dio Iosu Alvarez bozeramaile sozialistak Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateari. “Politika ekonomiko berria behar dugu Eusko Jaurlaritzak zerbitzuetarako eta industriarako aurreikusitako hamar hektarea horiek eredu ekonomiko berria egonkor dezaten, eta dagoeneko existitzen diren jarduerak, merkataritza, turismoa, arrantza eta nekazaritza, osa dezaten”. Horrez gain, Gabarrariko tanatorioa edota Zaldunbordako outlet erraldoia bezalako iniziatibak berrikustera gonbidatu ditu Alvarezek EAJko udal gobernuko kideak.
Hala, sozialisten bozeramaileak turismoaren sektorea “funtsezkoa” jotzen duen arren, “Hondarribiko ekonomiaren %82 zerbitzuen sektorera” bideratuta dagoela gogorarazi du, Eustat-eko datuen arabera. Plan Orokor berriak “herriko indar politikoen, erakundeen eta enpresen” arteko hitzarmen “zabal” baten bidez onartu beharko litzatekeela uste du Alvarezek. Ildo horretan, industriagune berri bati bultzada ematea proposatu dio sozialistak udal talde jeltzaleari, “ingurumena eta lurraldeen arteko oreka iraunkorra errespetatuz”.