Ezkien mozketa gelditzea lortu dute Artiako Lagunek
Artiako Lagunak pozik azaldu dira erabakiarekin, baina gogoratu dute oraindik udalak ez duela bidali Arartekoaren bidez eskatutako dokumentazioa, eta «gardentasun falta» leporatu diote.
Artiako Lagunek euren helburua lortu dute: udalak ez ditu Juan Thalamas Labandibar kaleko ezkiak moztuko. Gaur bertan jakinarazi dute auzotarrek udalaren erabakia. Jasotako prentsa ohar baten arabera, zuhaitzen egoera aztertzeko «bigarren txosten sakon bat» eskatu du udalak. Ohar horren arabera, eta Artiako Lagunek azaldu bezala, «Artiako ezkiak ez dituzte moztuko, eta horiek kontserbatzeko eta arriskua murrizteko beharrezko neurriak hartuko dira».
Artiako Lagunak pozik azaldu dira erabakiarekin, baina gogoratu dute oraindik udalak ez duela bidali Arartekoaren bidez eskatutako dokumentazioa, eta «gardentasun falta» salatu dute. Honako dokumentazioa eskatzen dute:
-
Irungo zuhaitzen mantentze lanetarako indarreko kontratuaren baldintza teknikoen agiriaren I. eranskin osoa, Irungo zuhaitzen inbentarioari, analisiari eta diagnostikoari eta mantentze-lanei buruzkoa.
-
Arrisku handikotzat katalogatutako zuhaiztiari buruzko txostena eta jarduketa-plana, Irungo Zuhaitzen Mantentze, Kontserbazio eta Hobetze Kontratuaren Baldintza Teknikoen Agiriaren 3.4 atalean xedatutakoaren arabera egina.
-
Zuhaitzetako Mantentze Lanen Plana edo Zuhaitzetarako Kudeaketa Plan Integratua, 2015ean egina, Irungo udalerriko Berdeen eta Zuhaitzen 2009ko Plan Zuzentzaileari jarraituz egin zena.
Era berean, gogoratu dute udalak bigarren txostena maiatzaren 19an bidaliko zuela iragarri zuela, eta oraindik aurrera pausorik eman ez izana leporatu diote udal gobernuari. «Gure kanpainako 47 ezkiak salbatzea lortu dugu, baina ez dezagun ahaztu Udalak arrazoi justifikaturik gabe moztu nahi zituela. Gainera, ekaitzengatik eta mozketengatik galdu diren aleak ordezkatu behar dira. Erne egongo gara ezkien gaineko jarduerak Doctor Arbol enpresaren txostenean proposatutakoarekin bat datozela egiaztatzeko», gehitu dute elkarteko kideek.