Igor Enparan: "Plan Orokorra ezereztatzearen ondorioak zenbatezinak dira"
Zaldunbordako 'outlet' erraldoia geldiaraztea albiste "oso ona" izan arren, bertan behera utzitako 1.500 etxebizitzen eraikuntza deitoratu du. Dagokien ardura onar dezatela galdegin die EAJko udal gobernuko kideei.
“Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari (HAPO) jarritako zazpi helegiteetako baten sententzia ezagutu dugu, eta ziur gaude beste sei helegiteenak ere antzerakoak izango liratekeela”. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiaren sententzia baloratzeko agerraldia egin dute gaur Abotsanitzen udal taldeko egungo hautetsiek eta aurreko agintaldikoek, Zaldunbordan, eta Igor Enparan bozeramailearen bitartez argi esan dute, “Plan Orokorra ezereztatzearen ondorioak zenbatezinak” direla.
Ildo horretan, sententziak Zaldunbordako outlet erraldoiaren proiektua bertan behera utzi izana albiste “oso ona” dela uste du ordezkariak “herriarentzat baita eskualdearentzat ere”. Kritiko agertu da hala ere 1.500 etxebizitzen proiektua baliogabetu izanarekin. Izan ere, HAPOak 1.566 etxebizitza eraikitzea aurreikusten zuen, horietatik 891, %57, publikoak edo babes ofizialekoak, eta beste 656 erregimen librean. “1.500 familiei eragingo die, 17.000 biztanleko herri batean. Ehunka obra txiki geldituko dira, eta hiru urte hauetan egindako hainbat ordenamenduz kanpo geratuko dira”, erantsi du.
“Atzerapauso” gisa kalifikatu du Enparanek egoera, “1998ko arau subsidiarioetan oinarrituta jardun beharko dugulako. Txomin Sagarzazu alkateak XX. mendera eraman gaitu bueltan”.
Helegitea
Sententzia errekurritzea aztertzen ari zela EAJren udal gobernua jakinarazi zuen Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak ostiral gauean, ohar bidez. “Ez dezala errekurritu”, galdegin du Enparanek gaur, “badaki errekurtsoak ez duela inongo ibilbiderik”. Emandako informazioaren arabera, helegitea jartzeko aukera izan arren, “Auzitegi Goreneko doktrinan oinarritutako sententzia bat da”.
Hortaz, baliabide publikorik ez erabiltzeko errekurtsoa aurkezteko eskatu dio Abotsanitzeko kideak Sagarzazuri: “Nahikoa da, ez gehiago xahutu hondarribiarren dirua”. Horrez gain, “hausnartzera” gonbidatu du Enparanek alkatea, eta Zaldunbordako proiektua indargabetu izanagatik “ez diezaiotela ardura patrimonialik eskatu herriari”.
“Nazkatuta”
Hondarribiko gobernu taldearen jarrera gogor kritikatu dute Abotsanitzeko kideek. “Herritarrak dagoeneko nazkatu dira”, adierazi du Enparanek, eta hainbat gai izan ditu hizpide: “Montai kasua, Zaldunbordako pelotazoa, Vusaren duplex etxeak, tanatorioa, Solbesko adokinak, Basakoko luxuzko pisuak, Alde Zaharreko Plan Berezia, Mendelukoa…”. “Kontratazio irregularrek” eta “gardentasun faltak” nazkatu dituela herritarrak ziurtatu du, “nazkatuta lehen eta bigarren mailako hiritarrak egotearekin”.
Areago jo du bozeramaileak EAJren udal gobernuaren eta Txomin Sagarzazuren aurkako akusazioetan, Hondarribiko Udala “EAEko erakunde ikertuena” dela argudiatuta: “Irregulartasun sistematikoan murgilduta dago eta sententzia hau horren beste adierazle bat da”.
Proposamena
Hirigintza planak etxebizitzen proiektua bertan behera utzi izana deitoratu du Abotsanitzeko bozeramaileak. Hori dela eta, “aurreko arau subsidiarioetan oinarrituta babes ofizialeko etxeak” garatzeko proposamena luzatu du udal taldeak, “eta bitartean, hirigintza arau berri baten oinarriak jartzea”.
Jakitun agertu da Enparan hirigintza plan berri bat sortzeko prozedurak luze jo dezakeela, baina ezinbestekoa iritzi dio oinarriak finkatzen hastea, “adostasunean oinarrituta eta ez alde bakarrez, hirigintza arau berri bat jorra dezagun”.