Zaldunbordako egitasmoa etetearen aurka agertu dira, beste behin, PSE eta EAJ aldundian
Oposizioaren eskariz atzoko osoko bilkuran eztabaidatutako gaietako bat izan zen Zaldunbordako 'outlet' erraldoiaren proiektua gelditzea, baina EAJ eta PSEren botoek proposamena ezerezean utzi zuten berriz ere.
Hondarribia Village outlet erraldoiaren proiektua eten dezaten eskaria eraman zuten atzo EH Bilduk, Elkarrekin Gipuzkoak eta PPk Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkurara. Proposamena, ordea, ezerezean geratu zen, beste behin, PSE-EEk eta EAJk atzera bota ondoren.
Ez da lehen aldia Zaldunbordako proiektuaren gaineko eztabaida aldundiaren organo gorenera iritsi dela. Hala, iazko urriaren 9an, EH Bilduren eskariz, gaia aztertu zuten Batzar Nagusiek, eta atzo egin bezala, proiektua bertan behera uztearen aurka agertu ziren jeltzaleak eta sozialistak.
NAIZ-ek jasotako informazioaren arabera, Gasteizko Legebiltzarrak talde guztien babesarekin onartutako Establezimendu Komertzial Handien Lurralde Antolamenduaren lege proposamenari “burla” egin izana salatu zuen Juan Karlos Izagirre aldundiko EH Bilduko bozeramaileak.
Areago, proiektuak tokiko merkataritza “guztiz hondoratuko” duela argudiatu zuen koalizoko kideak, eta larrialdi egoerak eragindako krisi ekonomikoarekin laguntzeko epe motzean hartutako neurriek “zertarako” balio duten galdetu zion bere buruari “aldi berean, kalte neurtezina egingo dien Zaldunborda bezalako proiektu bat onartzen badugu?”.
Zuhaitz mozketak eta lur mugimenduak hizpide ere izan zituen Izagirrek, baita Higertoki SL enpresak baimenik gabeko lan horiengatik jasotako 500 euroko “isun barregarria” ere.