Topaketa birtualak antolatu ditu Bioterrak astebururako
Asteburuan egitekoa zen azokaren ordez, Instagram bidezko topaketak antolatu dituzte adituekin. Ostiraletik igandera bitarte luzatuko dute Bioterra Fest delakoa.
Asteburu honetan ez da ohiko Bioterra azokarik izango Ficoba erakustazokan, larrialdi egoeragatik atzeratzea erabaki baitute antolatzaileek. Halere, produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka antolatzen dutenek ez diete hutsik egin nahi izan urteroko bisitari eta erakusketariei. Izan ere, modu telematikoan bertaratzeko aukera eskainiko diete ostiraletik igandera bitarte, Instagram sare soziala baliatuta, Bioterra Fest delako azoka bereziari esker.
Lehenengo hitzordua ostiralean (hilak 5), 13:00etan izango da. Jon Kareaga ingurumen aktibistarekin batera moda iraunkorraren gainean arituko da Ylenia Benito kazetari eta liburu saltzailea. 17:30ean berriz, Oier Etxebarria Goiener kooperatibako kideak autokontsumoaren munduan murgilduko ditu partaideak. Larunbatean aldiz (hilak 6) kosmetika naturalaren txanda izango da. Celia Ortiz Avignonen eskutik, gorputz esfoliatzaile bat egiteko klase praktikoa jasoko dute partaideek. Amaitzeko, igandean (hilak 7), Vanessa Blazquezen eta Anne Otegiren showcooking-az gozatzeko aukera izango da. Plater orekatu bat egiten irakatsiko dute.
2020ko Bioterra azoka urriaren 9tik 12ra bitarte egingo dute, Ficoban. Informazio eta xehetasun gehiago, esteka honetan.