Familiei laguntzeko diru partida berriak aztertzen ari da udala
Udako oporraldian adingabeak ardurapean dituztelako edo etxetik kanpo lan egin behar dutelako zailtasunak izango dituztenei begirako laguntza sorta proposatu dute. Talde guztiek jaso dute zirriborroa, ekarpenak egin ditzaten.
Joan den astean Irungo Udalak jakinarazi zuen aurtengo udalekuak eta Solas Jolas programa bertan behera geratu direla. Zentzu horretan, udako oporraldietan gurasoek laguntza jaso dezaten diru partida batzuetan lanean hasi direla jakinarazi berri du udalak. Euren ardurapean adingabeak dituztelako edo etxetik kanpo lan egin behar dutelako udako hilabeteetan zailtasunak izango dituztenei begirako diru laguntzak sortu nahi dituzte. Beraz, bertan behera geratu diren udako bi jarduera horietan aurreikusitako diru inbertsioa diru laguntza berri horietara bideratzeko asmoa dute. Dagoeneko ordezkaritza duten talde guztiek proposamenaren berri jaso dute, ekarpenak egin ditzaten. Eskaerak, uztailaren 2tik irailaren 30era bitarte egin daitezke.
Ondorengo gastuekin laguntzea aurreikusi dute:
- Adingabeak etxean zaintzeko edo hezteko pertsonak kontratatzeko kostuak.
- Familiei adingabeak zaintzen laguntzeko enpresak kontratatzeko fakturen zenbatekoa.
- Irunen prestakuntza ikastaroak egiteko fakturen zenbatekoa.
Laguntza horiek jaso ahal izateko, ondorengo baldintzak bete beharko dira:
- Adingabea 2008tik 2016ra bitartean jaiotakoa izatea.
- Adingabea eskatzailearekin batera erroldatuta egotea.
- Bi gurasoek edo guraso bakarreko familietako gurasoak lan egitea.
- Bizikidetza unitate eskatzailearen urteko errenta 50.000 eurotik gorakoa ez izatea.
Honakoak aldiz, familien urteko errentaren arabera emango dituzten laguntzak dira:
- 25.000 euroko edo hortik beherako urteko errenta dutenek 300 euro jasoko dituzte bizikidetza unitateko eta hileko.
- 37.000 euroko edo hortik beherako urteko errenta dutenek 250 euro jasoko dituzte bizikidetza unitateko eta hileko.
- 50.000 euroko edo hortik beherako urteko errenta dutenek 200 euro jasoko dituzte bizikidetza unitateko eta hileko.
Laguntza gehiago
Udan hiriko familiak laguntzeko programaz gain, udala bestelako diru laguntza partidetan lanean ari dela azaldu du. Lehenik, ikasleen artean arrakala digitala murrizteko asmoz, LH 5 eta 6. mailako eta DBHko ikasleen gurasoek ekipamendu informatikoa eskuratzeko 350 euro eta konexiorako 50 euroko laguntza ematea aztertzen ari dira. 6 urtetik gorako pertsonentzako 25 euroko diru laguntza batean ere ari dira lanean, maskarak erosten laguntzeko (135 euro gehienez hileko eta bizikidetza unitateko). Proposamen hau, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldeak aurkeztutako mozioaren emaitza da, aho batez onartutakoa. Amaitzeko, 14 urtetik beherakoak zaindu, hezi edo lanerako prestatzeko zailtasunak dituzten gurasoentzako 150 euroko laguntza batean lanean ari direla azaldu dute udaleko iturriek.