[Galeria] Jende pilaketak direla-eta kai berria itxi dutela jakinarazi du udalak
Segurtasun tarteak errespetatzen ez direla argudiatuta atzo itxi zuen Udaltzaingoak kai berrira sarbidea; hondartzan ere neurriak hartzea aurreikusten ari da udala.
Udako tenperaturekin iritsi dira bainulariak Hondarribira, eta horrekin batera, jende pilaketak. Kai berria asteartean itxita zegoen arren, ostegunean bainurako zabalik zegoen, eta horrek gaztetxo eta heldu andana gerturatzea eragin zuen. Segurtasun distantziak bermatzea ezinezkoa zela konprobatu zuen HITZA-k.
Egoera ikusita, soilik arrantzaleen sarbidea bermatzea erabaki zuen atzo arratsaldean Hondarribiko Udalak, eta beraz, bainularientzako eta kirolarientzako sarrera debekatu dutela zabaldu zuen bere sare sozialen bitartez. Are gehiago, hondartzan ere neurriak hartzea aurreikusten ari dela zabaldu dute hainbat komunikabidek.
Ostiral arratsaldean hondartza eta kai berrian HITZA-k bildutako irudi sorta da ondokoa.