Aurtengo festen etorkizuna erabakitzeko eragile guztien artean "mahai zabal bat" sortzeko eskaria helarazi zion konpainia parekideak alkateari hilaren 17an; momentuz, erantzunaren zain jarraitzen du.
2020. urteko Hondarribiko Jaien etorkizuna eragile guztien artean, elkarlanean, erabaki ez izana deitoratu du Jaizkibel konpainiak, komunikabideetara igorritako ohar baten bidez. Alarde Fundazioak “erabaki autonomoa” hartu duela-eta orain arte egindako urratsak argitara eman nahi izan ditu konpainia parekideak, “azken egunetako agerraldi batzuk hobeto kokatzeko lagun dezaketela uste baitugu”.
Hedatutako informazioaren arabera, hilaren 17an jaiak antolatzen dituzten eragile guztien artean “mahai zabal bat” sortzeko proposamena luzatu zion Jaizkibelek Txomin Sagarzazu alkateari. Ildo horretan, festen antolaketan lan egiten duten eragile ezberdinak mahai baten inguruan biltzea galdegin zion konpainiak alkateari, “festen luze-zabala ulertuta, aniztasuna ulertuta, eta herritarron sare zabal baten esfortzua aintzat hartuta”.
Gaiaren inguruan hausnartzeko alkateari tarte bat ematea egokitzat jo eta proposamena publiko ez egitea hobetsi zuen talde parekideak. Areago, “ulertzen genuelako Jaizkibel Konpainiaren lana baino, udalaren lana beharko lukeela mahai horren balioa aitortu eta martxan jartzea”. Hala eta guztiz ere, alkatearen erantzunik jasotzen ez zutela ikusita, aste honen hasieran Hondarribiko Udaleko zinegotzi orori, banan-banan, proposamena jasotzen zuen gutun bat bidaltzea erabaki zuen konpainiak. “Aste amaieran etorri da Alarde Fundazioaren iragarpena”, erantsi du. Herenegun, hilak 29, baieztatu zuen Alarde Fundazioak aurtengo alardea bertan behera uzteko erabakia.
“Gu, herri bezala, eta elkarlanean, erabakiak hartu eta hauek martxan jartzeaz hitz egiten genbiltzan bitartean, beste batzuk haien erabaki autonomoa hartzea erabaki dute”, deitoratu du taldeak. Ez dute erabakiaren gaineko baloraziorik eskaini nahi izan, “herri bezala erabakitzeko eta lan egiteko aukera eta denbora” dagoela uste baitute. Hori dela eta, egindako proposamenari eutsi egingo diotela berretsi du konpainiak.