Glifosatoaren erabilera eten dezaten mozioa aurkeztu du Abotsanitzek
Minbizia eragin dezakeen produktuen zerrendan kokatu du Osasunaren Mundu Erakundeak; udalaren lorezaintza zerbitzuak erabilitako herbizida da glifosatoa.
Glifosatoa erabiltzeari uzteko mozioa aurkeztu du gaur Abotsanitz Herri Batzarrak, datorren hileko osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin. Osasunerako kaltegarria den herbizida da glifosatoa. Minbizia eragin dezakeen produktuen zerrendan sailkatu du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), baina hala eta guztiz ere, Hondarribiko Udalak azpikontratatutako lorezaintza zerbitzuak herriko toki publikoetan erabilitako herbizida da.
Landareen hazkundea kontrolatzeko erabiltzen da glifosatoa, udaberrian bereziki. “Espektro handiko” produktua dela azaldu dute Abotsanitzeko kideek, “landareen aminoazidoen sintesian eragiten du, eta horregatik nekazaritzan asko erabiltzen da, baita lorezaintzan ere”.
Hala ere, osasunerako kaltegarria da “oso”, naturarentzako bezalaxe. Eragindako kutsadurak lurrean eta urean irauteko gaitasun “handia” duela ziurtatu du alderdiak, “biodibertsitatea murriztuz eta elikadura kateraino iritsiz”.
Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer) dagoeneko erabiltzen ez duen produktua da glifosatoa, eta hamaika dira munduan herbizida honen erabilera debekatu edo mugatu duten herrialde, eskualde eta herriak. “Hondarribia zerrenda horren hurrengoa izatea nahi dugu”, erantsi du Abotsanitzek.
“COVID-19aren pandemiak erakutsi digu orain arte baino modu osasuntsuago eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoan bizi behar dugula”, jarraitu dute, “garena baino berdeagoak izan beharko dugula, eta hori ezinezkoa izango da glifosatoa erabiltzen jarraitzen badugu”.
Mozioa
Ekaineko osoko bilkuran eztabaidatuko du Hondarribiko Udalbatzak glifosatoaren erabilera eteteko mozioa. Inguruko herrialdeetan erabiltzen ari diren beste aukera batzuk proposatu ditu udal taldeak, bai ekologikoak, baita kimikoak ere. Horrekin batera, bozkatzeko bost puntu jasotzen ditu mozioak:
-
Hondarribiko Udalak ez du glifosatoa osagai duen produkturik erabiliko herriko belardi, parke eta lorategietan.
-
Hondarribiko Udalak azpikontratatutako lorezaintza enpresari glifosatoa osagai duen produkturik ez erabiltzeko eskatuko dio.
-
Hondarribiko Udalak herriko nekazariei glifosatoa osagai duen produkturik ez erabiltzeko eskatuko die.
-
Europako Batasuneko legedia errespetatuz, udal araudi bat egingo da osagai hori duen produkturik erabili behar duen edonork legedia errespetatu dezan eta kutsadura kalteak herritarrek ez ditzaten pairatu.
-
Informazio kanpaina egingo da hondarribiar orok ezagutza izan dezan bitarteko ekologikoak egokiagoak direla beti gure ingurune, osasun eta biodibertsitatearen ikuspegitik.