Euskal presoen aldeko aldarria, berriz ere, kalean
Hamarnaka lagunek bat egin zuten atzo arratsaldean Patxi Ruizen alde deitutako kontzentrazioan; ostiraletik aurrera euskal presoen aldeko elkarretaratzeak berreskuratuko dituzte.
Dozenaka lagunek Patxi Ruiz preso nafarraren alde elkarretaratu ziren atzo arratsaldean, San Pedro kalean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deituta. Euskal presoaren aldeko ohiuak nagusitu ziren protestan parte hartu zutenen artean, baita elkartasuna adierazteko pankarta eta kartelak ere.
Iruñeko presoak gose eta egarri greba abiatu zuen hilaren 11n osasun larrialdi krisia Murtzia II (Espainia) espetxean nola kudeatzen ari diren salatzeko asmoz. Iragan ostegunean bukatutzat eman zuen egarri greba, nahiz eta barualdiarekin jarraitzea erabaki zuen. Hamazazpigarren eguna beteko du gaur Ruizek gose greban.
Ostiraletako kontzentrazioak, bueltan
Euskal presoak etxeratzeko eskatuko dute berriz ere ostiral honetatik aurrera San Pedro kalean, 20:00etan hasita. “Azken egunetako gertaera, salaketa eta eskakizunek agerian uzten dute presoek egoera berezi hauetan jasaten duten gainzigorra”, adierazi dute deitzaileek. Larrialdi egoerarekin batera eten behar izan zituzten mobilizazioak.