Kredituen Aldaketaren aldeko botoa emango du EAJk ostiraleko osoko bilkuran
Udal gobernuak proposatutako Talka Planaren aldeko botoa emango dute jeltzaleek. «Egoera zaurgarria bizi duten pertsonen, merkatarien, autonomoen eta ostalarien egoera hobetzeko gizarte eta ekonomia laguntzak barneratzen ditu planak».
EAJ taldeak jakinarazi duenez, datorren ostiraleko (hilak 29) osoko bilkuran udal gobernuak proposatutako Kreditu Aldaketaren aldeko botoa emango du. «Egoera zaurgarria bizi duten pertsonen, merkatarien, autonomoen eta ostalarien egoera hobetzeko gizarte eta ekonomia laguntzak barneratzen ditu udaleko alderdi guztiek onartutako Talka Plana», adierazi du Xabier Iridoy bozeramaileak, orain dela hilabete inguru alderdi guztiek adostutako planari erreferentzia eginez. Beraz, zazpi zinegotzi jeltzaleen botoa izango du plan horrek.
Indarrak batzeko beharra nabarmendu du jeltzaleak, eta «interes indibidualak alde batera uzteko garaia» dela argudiatu. «Orain, inoiz baino gehiago, gure helburu bakarra pertsonen ongizateak izan behar du, eta laguntzek harago joan behar dute. Txoke planak sortzen joan diren behar batzuei erantzuten die, baina ez ditu dauden gabezia guztiak betetzen». Horregatik, udalak gehiago egin dezakeela diote EAJkoek. Ildo horretan, 2020ko aurrekontua birformulatzeko plan bat ere beharko dela adierazi du Iridoyk.
Amaitzeko, lankidetzaren eta koordinazioaren garrantzia nabarmendu dute. «Egoera honek erantzukizuna eta koherentzia eskatzen digu. Gure ekintza eta egitasmoak gainerako erakundeekin koordinatu beha ditugu. Denok bat egiten badugu, udal taldeek, erakundeek eta herritarrek, lortu dezakegu».